07.31.07
Atala(k): Zuzenean! 2007 Uztaila 31 @ 14:11 Egilea oleaktiff

Urtero legez, Larrabetzuko Gazte Egun historikoak bertara hurbiltzeko aitzakia musikalak eskaini zizkigun aurreko zapatuan. Argazkian ikus daitekeen moduan, plazan Atom Rhumba euki genuen erreklamo moduan. Betiko antzera mugidu ziren eszenatokian: nerbioa, zoramena eta maila instrumental ona… hori bai, publikoak gehiegi ez zuela lagundu be esan beharra dago. Hotzegia, “tradizionalegia”, horrelako proposamen zoro eta ireki baterako. Dana dala, han egon ginenon parte batek nahiko ondo pasatu gendun, ta horregaz geratu beharko gara.
Plazako beste taldeei dagokienez, Skalariak ez genduzan ikusi eta goizaldeko azken orduan Skasak taldea bere izenari ohore egiteko ahaleginetan ibili zan…
Bestalde, aipatu beharrekoa da Hori Bai gaztetxeko gau elektronikoa. Programazioa nahiko anitza, jadanik klasiko bihurtzen ari dan Aritz Sound System-en musika baltzetik (ez ginen garaiz heldu) elektronika estandarreraino. Faltan bota ziren bai erdibideko proposamenen bat eta, batez ere, soinu kalitate hobeago bat. Egia esan, etxeko minikate baten estiloko (indarrari dagokionean, ze soinu kalitatea oraindik eskasagoa zan) ekipoa ez da egokiena jendea dantzan jarri eta giro polit bat sortu ahal izateko. Nabaria zen arazoak zeudela soinu ekipoaren instalazioan, eta han ibili ziren morroi batzuk asuntua konpondu nahiean, baina berriz diot: pena da horrelako aukera politak intentzioetan geratzea medio kaskarren erruagatik.
Azken DJa txalapartari batzuekin “elkarrizketa” interesgarri batzuk egiten ahalegindu zen, baina gu geunden lekuan hain hurbila zan txalapartaren soinua eta hain flojo entzuten zan DJa pintxatzen egoan musika, ba nahiko zorabiatuta bukatu gendula guztiok…

Lotura iraunkorra
07.19.07
Atala(k): Sailkatugabeak 2007 Uztaila 19 @ 12:38 Egilea oleaktiff

Zornotzan urtean behin loratzen dan Rara Avis honi bultzadatxoa emon guran… zapatuan Belarregaera !!
Lotura iraunkorra
07.16.07
Atala(k): Zuzenean! 2007 Uztaila 16 @ 12:58 Egilea oleaktiff

Ah… ze erraz jausten diren batzuetan iraganeko mitoak. Bueno, egia esan ez naz Frank Black-en fan sutsu bat. Izatekotan, Pixies ditut gustuko, eta batan batek esan dezake iruzkin hau irakurri ostean: “karteletan argi jartzen eban FBren kontzertua zala, ez Pixies-ena”.
Eta egia, agian errua gurea da, artistaren bakarkako ibilera apenas ezagututa ia 30 euro ordaintzera ausartzen garen melomanoena. Musika edozeren gainetik dagoela, duela 15 urte egindako diskotzarren ostean derrigor izan behar zala kontzertu ona Kafe Antzokikoa, etab. etab…
Eta kontzertua ikusi osteko ondorio nagusietako bat: FB ez zan Pixiesen buru bakarra, ez horixe. Pixieseko beste hiru hankak be garrantzitsuak izan ziren taldearen ibilbidean. Ostean, ezin azaldu daiteke talde mitikoaren eta FBren bakarkako materialaren arteko alde nabaria. Mundu bat: kontzertua gitarra akustikoarekin hasi zuen, bakarrik. Jarrera apur bat pasota, “sobradua”, baina where is my mind edo velouriaren akorde desgarbau batzuk nahikoa ziren audientzia guztia abesten jartzeko. Danok “uuhuuu” “my ve - looou - riaaa” eta horrelakoak soltatzen, FBek gitarra akustikoa modu nahiko krudelean torturatzen eban bitartean. Hona froga.
Hortik aurrera, kitarra albo batera itzi zuen eta hiru makarra igon ziren eskenatokira zarata apur bat ataratera. Irristuak, epilepsia, drum - fucking (edo zelan jo narrua bonbo bati), San Martinak uztaila hasieran aizue… Hain monotonoa egin jatan guztia hirugarren kantutik aurrera, ezen momentu batzutan burua beste toki baten izan nuela 5, 10 minututan zehar. Labur esanda: Pixies-en gantxo berezi hori inondik inora ez euken kantu matxakoi eta zaratatsuak. Azken parteko bat edo beste salbatzen ziren, baina krimena jadanik eginda egoan.
Eta kontuz, gure ikasle garaiko pisuan disko sinboliko bat egon bazen, hori Doolittle izango litzateke duda barik. Juergan baten baino gehiagotan eskatu geuntson Debaser Arrasateko Jai Zale tabernako bizardunari…
But I’m un chien andalusiaaa….
Lotura iraunkorra
07.11.07
Atala(k): Material beroa 2007 Uztaila 11 @ 18:35 Egilea oleaktiff

Azkenean! Hilabeteetan zehar bere aurreko materialari zuku guztia atara eta gero M.I.Aren material barria belarriratu geinke. Kala LPa Abuztuaren amaieran argitaratuko ei da, eta momentuz hau da aurrerapenaren aurrerapena: 12″ko binilozko singlea, abesti bakarrarekin: Boyz.
Bere aurreko lanean moduan, ez da erraza neska hau tokiren batean kokatzea. Perkusio etnikoak hor dagoz, baina ez da musika etnikoa. Kantatzeko modua rapetik hurbil dago, baina ez da hip hopa. Sanplerra eta programaketak erabili dituztela nabaria da, baina ezin elektronika danik esan… M.I.A.k bere estilo propioa mantentzen duen seinalerik onena, hain sailkaezin eta aldiberean hain hurbilekoa, edo disfrutagarria…
Hona bere estetika fosforito - etniko - kitsch horretan gehiago sakondu, eta mutilon “objetutasun sexuala” umorez tratatzen duen “pepinoa”… check it!
M.I.A. - Boyz
Lotura iraunkorra
07.03.07
Atala(k): Zuzenean! 2007 Uztaila 3 @ 16:19 Egilea oleaktiff
Buff, pasatu dira inguruko zita musikal mastodontikoak eta zelako gustu arraroa geratu dan askoren artean…
Egia esan, azkenean poztu egin nintzen Bilbao Live-ko lehen bariku haretara ez joateagatik. Hainbeste jende ez dakit zer itxaroten eta… beterano batzuen enegarren kontzertu eskasa, jende guztiak dinoenaren arabera. Chili Peppers-ak jadanik ez dagoz hain bero eta ez dira hain minak, baina hori bai, inoiz baino estadio gehiago betetzen dituzte. Kontua da bere aurreko ibilbidearen jarraitzaileak izateagatik (gehienak), edota azken bi disketako ildoak hurbilarazi dituen zaleak ere badaudelako, milaka pertsonek pairatu zutela rock beteranoaren iruzur berri bat.
Hala ere badirudi beterania ez dela funtsezko arazoa, adinez antzekotsu dabilen Lehoi Asmatikoak, Muguruza komandanteak alegia, kontzertu ona eskaini baitzuen Piperrek baino apurtxo bat lehenago. Ferminen kontzertuek nire gusturako elementu gehiegi batzen diuzte eskenatokian, batzutan patxanga erraldoi baten itxura hartuaz. Hala ere, ezin ukatu bere errepertorioaren eta musikarien kalitatea. Barikurako GDKOn antolatu deuskuen kontzertu sorpresara joateko modurik ez dudanez, ia udako dataren batetan hortik zehar harrapatzeko modurik daukadan….
Azkenik, mastodontismoak bere aurpegi latzena erakutsi zuen Madrilen Rolling Stonesek eskainitako kontzertuaren ostean. Baliteke edozein tokitan gertatu ahal izatea (begitu zelan hil zan Dusminguet-eko baxu jolea…), baina niri behintzat egitura erraldoi guzti horien gaineko gogoeta eragin zidan bi langileren heriotzak: ikuspuntu humano zein artistikotik begiratuta, handiegia guztia gauza onerako… Hori bai, dena ondo azpikontratatuta. Primal Scream-eko Bobby Gillespiek behin esan bezala, beti da “norbaiten ama langilea izarron txarrikeri guztiak garbitu behar dituena”.
Lotura iraunkorra