12.21.07

Burial, 10 esalditan

Atala(k): Sailkatugabeak 2007 Abendua 21 @ 14:06 Egilea oleaktiff

burial

U.K. underground-eko azken sentsazioa da Burial. Jende gutxik daki nor dan South Londoneko mutil hau,, zein den bere benetako izena, baina irudi falta horrek ez du eragotzi berea 2007 urteko disko harrigarrienetako bat izatea. Dubstep jenero itxiaren mugak apurtuz musika independentearen zaletu askorenga iristea lortu du bere 2step, soul eta dub nahasketa pertsonalarekin. Azken baten, bere balore nagusia (musikari handi guztientzat bezala) abestiak direlako. Hona orain arte eskeini dituen elkarrizketa bakanetatik ateratako esaldi batzuk, bere izatea ulertzen lagundu dezaketeenak:

“Nik uste zaborretako super - heroi antzeko bat bihurtu naizela…”

“Nire familiaz aparte, uste dot beste bost pertsonak bakarrik dakitela musika egiten dudala. Edo hori espero dut behintzat.”

“Batzutan, inguruko jendeak nire musika jartzen du, egilea ni naizela jakin barik. Holakoetan, neure buruari xuxurlatuz bukatu ohi dut: “mesedez, ez dezala nire musika jarri edo, behintzat, ez dezala iritzi txarrik bota.”

“Ni holakoa naz, klubaren atzekaldean, iluntasean egotea gurago duena. Ez dut prentsarik irakurtzen, ez naiz interneten askorik ibiltzen. Sekretuak gordetzearen arte galdua bezalakoa da, jendearentzat nire musika hurbilagoa izatea posible egiten duena.”

“Ezezaguna izan nahi dut, nire familia eta lagunekaz inguratuta jarraitzea nahi dudalako, baina guzti horri ez zaio garrantzi handiegirik emon behar. Inoiz ez dut jakin izan gogokoen dudan musikaren egile gehienak zelakoak ziren, zein zen beraien itxura… horrela, sekretu hori mantentzen denean, litekeena da musikan berarengan gehiago sinestea. Nik sinbolo bat, abesti bat, abesti baten titulua izan gura dut entzulearen begietan.”

Londresen benetako obsesioa bihurtu da: jendea eta komunikabideak dena agerian uzten, denak beraien irudia proiektatu eta zerbait direla erakutsi behar horretan… noizean behin atzerapausoren bat ere eman beharko lukete, ezkutuan geratu. Sexyagoa da.”

“Askotan ibiltzen naiz Londresen noraezean, beti egin izan dut. Batzutan norabait noalako, beste batzutan nora joanik ez dudalako. Beti ibiliko nintzateke horrela, leku batetik bestera. Ondo pentsatu ezkero, ibiliz zoazen bitartean zure baitan aurikularretatik musika entzuten egotea ez dago urrutiegi jendez betetako klub batean egotetik.”

“Ekaitz baten erdian zaudeneko sentsazio hori sortu nahi dut. Zure buruan halako hotzikara bat senti dezakezu, urruneko soinu triste bat entzuten zauden sentsazioa, baina era berean oso urbil senti daitekeena. Euria edo baleen kantua entzutea bezalako zerbait, iluntasunean entzuten den urruneko negar bat…”

“Batzutan gizonezkoek ez dute ideiarik ere nesken bizipenen, sentitzen dutenaren inguruan. Ni amak hezi ninduen, nire amaren semea naiz. Bere antza dut, edo beste era batera esanda, bera naiz. Txakur emeak izan ditut beti. Ez dakit oso ondo zer esan nahi dudan, baina nire albun berria entzuterakoan mutilek pentsa dezakete: “ze ostia da hau?” Baina zorionez beraien neskalagunek gustukoa izango dute.”

“Nahaigo dut benetako bizitzaz, Britainia Handiaz doan kantu bat entzutea, Hip Hop amerikar mota hori baino, “klubean nago zure neskarekin” dioena alegia. R&Ba gustatzen zait, baina nahiago dut Britainiako errealitatea ondo islatzen duten gauzak entzutea, Dubstep edota Drum’n'bass-a adibidez. Behin musika mota honetan sartuta zaudenean, beste gauza guztiek inportatuak dirudite, iragarki puta bat izango balira moduan.”

Iturriak:

The Guardian

The Wire

12.13.07

Martini Session

Atala(k): Sailkatugabeak 2007 Abendua 13 @ 17:05 Egilea oleaktiff

Zapatu honetan, hilak 15, eguerdiko 13:30etatik aurrera groovy breaks Bilboko Residencen. Munduko musikak, reggaea, downtempoa edo elektronika erlaxatua batzen dituen koktela, Dry Martini eta Manhattanez ondo bustita.

 Oleaktiff inna lounge style!!

12.10.07

Mass mediak pairatuz

Atala(k): Sailkatugabeak 2007 Abendua 10 @ 16:20 Egilea oleaktiff

 DJ ikastaroa Azoka aurrean

Aurreko mezuen iruzkinetan irakurri zitekeen moduan, Durangoko Azokaren inaugurazio egunean montajea egitea tokatu zitzaidan. Inaugurazio egunean saldoan heldu ziren gazteentzako “Dj erakustaldi partehartzailea”, horra erronka. Lantxo honek suposatu zuen zoramena (tonelada bat aparato eroan beharra, aurreko prestaketa, momentuko tentsioa..) alde batera utzita, esperientzia positiboa izan zan dudarik gabe. Urtearen zatirik handiena etxeko lanak egiten pasatu eta gero, norbere musika bafle potente batzuetatik Azokaren esparrua inbaditzen sentitzea gauza handia da. Zure inguruan egiten zabiltzanagatik interesatuta dauden dozenaka gazte ikustea be ez da satisfazkio makala.

DJ erakustaldi partehartzailea Oleaktiff-en eskutik

Baina hala ere, dana ez da larrosa kolorekoa izan Azokako esperientzia honetan. Medio batzuetan agertu den informazioak sentsazio arraro bat itzi deust. Lagunek eta etxekoek esan didatenagatik, ETBn aipamena eta platoen gainean “lanean” nenbilela agertu nintzen. Garan, argazki ederra (paperezko bertsioaren argazkiak aipamena be badakar). Diario Vascon gauzak okertzen hasten dira… libretatxo baten harturiko lau apunte azkarrekin elkarrizketa erdi -faltsua egiten du kazetariak, baina okerrena titularra da dudarik gabe. Down sindromeduna ni naizela emoteaz gain, eta duen kutsu sensazionalistaz aparte, kontua da gaisotasun hori kazetariak maukatik ateratzen duela (begiratu argazki honetan… David Down sindromeduna dala iruditzen zaizue?), eta dena korrekzio politikoaren garai hauetan “un chico retrasado rompio el hielo” titularra jartzeko adorerik ez izateagatik. Ze nik mutil atzeratu batek tailerrari emondako bultzadaz egin nion hitz kazetariari, ez mutil horren gaisotasun konkretuaz.

Bestalde horrelako txaskarrillo bat titularra izateak be frustrazioa eragiten du … jode, “fusionando tradición y electrónica en la Azoka“, edo “pinchar es intuitivo y apto para casi cualquier edad” titular politagoak izango ziren dudarik gabe, parte hartzaile baten kondizio berezietan zentratzea baino. Baina bueno, guzti honetatik ateratako lezioa: kontuz mass media jeneralistetako kazetariekin, titular hori edo larrosa bat lortzearren edozertarako prest daude eta.

12.04.07

Hamaika kolore

Atala(k): Nahasketak 2007 Abendua 4 @ 17:12 Egilea oleaktiff

bilbo da…

Mashupekin jarraituz, derrigor erabiltzekoa iruditzen zitzaidan bere agerpen urtetik(1996) euskal folklorearen mundutxoan sekulako pisua izan duen diskoa: Koteron eta Junkeraren Leonen Orroak. Agian bere kantuak ez dira publiko orokorrarentzat hain ezagunak, baina bertako instrumentuen giroan murgilduta gabilzanok, eta batez ere albokariek, gauzak beste era batera egiten dituzte (ditugu) disko hau agertu zanetik. Alboka marjinalidade erromantiko haretatik atara zan, kolektibo nahiko sendoa eta ekintzailea osotzeraino.

” Albokarien kalejirak egin daitezke!!” aldarrikatzen hasi ziran 90. hamarkadaren erdialde - amaieran, eta behin baino gehiagotan ikusi izan ditut nire herriko albokariak goian aipatutako disko horren kamisetekaz, txistu eta dultzaina artean auren lekua erreklamatzen… Ba nik beste buelta bat emon nahi izan diot tuerkari, diskoko abestirik ezagunenetakoa Carl Douglasen “Kung Fu Fighting”ekin (Rob Smithen birnahasketa bertsioan) nahastuz. Aurrekoan drum’n'bass-arekin bateratzen banuen, oraingoan arin - arina hip hopetik hurbilago dagoen beat sinkopatuarekin fusionatzen da…

Leonen Orroak “Hamaika Kolore” vs. Carl Douglas “Kung Fu fighting” (Rob Smith Dub Cuts)

Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5