01.13.08
2007ko zenbait diska gomendagarri
Deadbeat “Journeyman’s Annual”
Technoaren mundutik datorren tipo honek disko bitxia argitaratu du: baxuan oinarritutako erritmo sinkopatuak (dancehall? dub?) dira nagusi, baina eraberean elektronika eta ragga moduko elementuak azaltzen dira modu lausoago batean. Azaleko mapa zaharrek primeran islatzen dute eremu musikal ezberdinetatik pasatu arren batez ere egilearen barne kartografiari erantzuten dion ezohiko bidaia hau.
Horace Andy + Sly & Robbie “Livin’ it up”
Jamaikar artistak inkontinente hutsak dira: urtean zehar hainbatetan sartu ohi dira estudiora, eta horregatik da hain zaila maila altua ematen duten LPak aurkitzea. Ba, aleluya, reggaeren ahots berezienetako batek disko bikaina utzi digu aurton. Sly & Robbie bikote erritmiko mitikoarekin batera, Andy jaunak hainbat klasiko, bertsio eta kanta berri grabatu ditu disko sendo honetan, non produkzioa maila gorenetara heltzen den. Horretarako elementu guztiak alde izan dituzte: kantu ederrak, musikari bikainak (Sly & Robbie bikote mitikotik hasita sesioko beste musikari guztietatik pasatuz) eta osotasun sentsazioa emoten duen ekoizpen ikaragarri bat. Reggaearen sonoritateari zuku guztia ateratzen diote “roots drum’n’bass” moduan etiketatu daitekeen diska berezi honetan.
Basic Replay.
Noizbait sarrera bat idatzi beharko dut Rhythm & Sound bikote alemaniarraren inguruan, azken urteetan martxan jarri izan dituzten proiektu paralelo guztiez… jardun nekaezin honen adibide garbienetakoa, karibear altxor galduak berrargitaratzeko asmoz sortu zuten Basic Replay zigilua.
Orain arte kaleratutako 12”ko singleak laburbiltzen dituen CD honetan ez dago kontzesiorik: 70 eta 80. hamarkadetako dub, reggae eta dancehall pieza bereziak, apurtzaileak eta erakargarriak aldi berean. Vintage kutsuko dub digitala jamaikar ahots berezi bezain ezezagunekin lagunduta. Ahazturatik erreskataturiko grabazio hauek erakusten digute posible dela iraganaren bitartez etorkizunera salto egitea.
Bidaia “Duo”
Aurreko baten laudorioren bat edo beste bota nion Duo izeneko diska horri. Eta nire ustez ez da gutxiagorako, tiro bakar batez euskal musikagintzako hainbat txori hil baitituzte: konposizio onak, irudi fresko eta erakargarri bat, fusioa abestien zerbitzura (ez fusionatze hutsagatik), halako do it yourself jarrera bat…
Horregatik poztu egin nintzen telebistaz Ukan birusaren jaiadian ikusi nituenean: stablishmentaren parte diren hauspojoleak edota Lau Teilatuak pairatzea baino askoz estimulanteagoa delako ikustea nola ahalegintzen diren Philips eta Ducau “Basamartxa” zuzenean beraiek bakarrik jotzen, aldi berean alboka, kitarra, zarrabetea eta ahotsei eraginez.
Dizze Rascal “Maths & English”
Wiley-k nahi duena esango du, baina Dizzeek partida irabazi dio bere azken lanarekin, eta bide batez grimea lurperatu. Hego Londresko jenero mutante (rap, garage eta beste azpijenero batzuetaz elikatutako munstroa) horren momentua bukatu egin da. Londresko sentsazio underground berria (hau da, etxeko ordenagailuetan mutikoek egiten dituzten barrabasadak) dubstepa bihurtu den bitartean, Dizzeek ontzi underground zaharra abandonatu du itsaso zabalagoen bila.
Egia da mutikoa lur (oso) zapalduetatik pasatu dela oraingoan: hemen hip hop, drum’n’bass, elektronika edota rock zantzuak aurki daitezke… baina joan den Irailaren 14ean BECen ikusi eta entzun ahal izan gendun moduan, “Sirens”, “Pussyole” edo “Da Feelin’” moduko pepinoen aurrean orijinaltasuna oso balore erlatiboa bihurtzen da.
Burial “Untrue”
Ez dakit zergatik (momentua, inguruko baldintzak, medioak, marketing kanpainak…) baina noizean behin diska on bat maisu lan bihurtzen da askorentzat. Ez nabil ni Untruek sorturiko zalaparta justifikatu gabea denik esaten. Diskoa ona da, oso ona, berarekin konektatu ezkero guztiz engantxatuta eduki zaitzaketen horietakoa… baina neure pertzepzioa kritiko eta zaletu askoren laudorio eta hasperenez kutsatuta ez ote dagoen pentsatzera iritsi izan naiz.
Hala ere, onartu behar da mutilak formula orijinala topatu duela barreneraino heldu eta inorekin ezkontzen ez den musika bat egiteko. Eta, azkenean marketing estratejia bikaina bihurtu den arren, bere jarrera publikoa artista moduan (ikus sarrera hau) guztiz apurtzailea dela exibizionismo eta Realityen garai tristeotan. Eta ez da gutxi, ez horixe…






