02.29.08
Atala(k): Sailkatugabeak 2008 Otsaila 29 @ 16:47 Egilea oleaktiff
Joan den asteko eguenean reggaearen mito bizidunetako batekin izan genuen zita Kafe Antzokian. Irlako beste kantari askorekin (Dennis Brown, Gregory Isaacs, Michael Rose…) gertatzen den moduan, Max Romeok publiko zabalarentzako ez du Bob Marleyren distiraren hamarrena ere, baina bere ibilbide musikala kontutan hartuta merezi du nolabaiteko errekonozimendu orokor bat, XX mendeko musikaren historia zati batez ari garelako azken finean.
Izan be, Romeo jauna UK Chart-en gorenera heldu zen lehen artista jamaikarra izan zen, konkretuki 1971an Wet Dream singlearen bitartez. Bideo honetan, eta batez ere azpiko komentarioetan argi ikusten da garai haretako musikazale askorentzat ze historikoa izan zen single honen argitalpena: hurrengo hamarkadan etorri behar zen karibeko uholdearen aurrerapen antzeko bat. Eta historiaz ari garela, zer esan Prodigy-ren Out of Space famatuaz, munduan zehar milioika pertsona dantzan jarri dituena, baina bere graziaren %80a Romeo eta Lee “Scratch” Perryren Chase the Devil abestiaren sanple batetik hartu eta gero.
Gauzak horrela, hara hurbildu ginen gehienok reggae kontzertu on batez gozatzeko esperantzaz joan ginen, eta baita lortu be. Charmax players sendo aritu ziren, sekzio erritmiko indartsutik hasita koro iradokitzaileetara, arrantzale jubilatu baten itxura zuen saxo-joletik pasatuz. Errepertorioa, jendearen poztasunerako, klasiko askokoa, bai errepertorio propiokoak (One step forward, War ina Babylon, Chase the Devil…) zein maileguan hartutako pieza mitikoak (Rockfort Rock, Jamaican Ska…).
Egia da reggae beteranoen kontzertu gehienek antzeko gidoia jarraitzen dutela, eta batzutan topikoegiak izatera irits daitezkeela (pull up! pull up! tipikoak, intro instrumentala, animatzaile batek -kasu honetan tronboia - publikoa berotzea…), baina errepertorio on bat, gaitasun teknikoa eta historia zati bat ikusten ari zaren sentsazioa batzen direnean, gorputzak ez du alferreko berrikuntzarik eskatzen, “betikoa” eman diezaiotela baino.
Lotura iraunkorra
02.16.08
Atala(k): Sailkatugabeak 2008 Otsaila 16 @ 14:03 Egilea oleaktiff
Architecture in Helsinki “Heart it races”

Batzutan gertatu ohi da gogoko artista baten birnahasketaren bitartez inoiz entzungo ez zenukeen talde baten abesti konkretu batekin engantxatuta bukatzea.
Architecture in Helsinki indien E.P. honekin antzeko zerbait gertatu zait. Kantu orijinalak badu bere grazia (bideo honetan ikus daitekeen moduan), baina benetan engantxatu nauena Dj/Ruptureren berrirakurketa izan da. Bideoan entzuten den bertsioaren elementu batzuk bakarrik mantendu (teklatu, koro eta steel drumak), eta dancehall erritmoak eta Mr. Lee G trinidadiarraren ahotsak sartu dizkio, karibear zaporedun “Ital Hymn” bat delarik emaitza.
Architecture in Helsinki - “Heart it Races” (Dj/Rupture’s Ital Hymn feat. Mr Lee G)
Ursula 1000 “Step back”

Singleetako kolaborazioak zein garrantzitsuak diren primeran ikusten da Ursula1000en “Step Back” honetan. Ahotsa da lehenengo bilatu behar dana. Halako toke lizun bat duen dancehall kantu bat izanda, indartsu abesten duen neska bat primeran etorriko zan, Sista Widey adibidez. O.K, goazen orain erremixatzaile on batzuk aukeratzera. Adibidez, azken aldian pieza mordoa reggae, dub eta dancehall eremuetara eraman dituen J Star, “Step Back”i tensioa apur bat lasaitu eta zapore jamaikarra gehitzeko..
Eta azkenik, maxia borobiltzeko 100 bpm inguruan mugitzen den abestia dantza erritmo tipikora, 125 bpmra, igoko duen norbait. Baina ez piñoi fijoko bonboa sartuz, breakbeat groovy ekin orijinalaren toke koloretsua gehituko duen norbait baizik. Breakbeat giroko Deekline & Ed Solo bikotea, adibidez… diska haren tituluak zioen moduan: Hecho, es simple.
Ursula 1000 - “Step Back” (Deekline & Ed Solo remix)
RSD “Corner Dub / Pretty Bright Light”

Bizitza artistiko luzea izateko kontatzeko gauzak izateaz gain ezinbestekoa da autoreak bere burua nolabaiteko erreziklaje batera bultzatzea. Azken baten, norbere emari artistikoa berritzea erabiltzen diren iturriak aldatuz, edota sortzen dena bide ezberdinetatik egitea, beste enfoke batzuk bilatuz…
Rob Smith bristoldarrak bi hamarkada baino gehiago daramatza mutazio artistikoan. Gaur egun apur bat demodé jarri den Bristol soinuaren originatora izan arren Smith & Mightyko partaide moduan , arrakasta komertzial eta mediatikotik at geratu ziren. Mugimendu horren momentu mediatiko gorenak (90. hamarkada amaieran) ahazturatik erreskatatu bazituen ere, ordurako bide barri batzuk urratuak zituen: More Rockers drum’n’bass proiektua, Jaz Klash kolaborazio puntuala edota Blue & Red izenpean egindako bakarkako reggae grabazioak. Azken urteotan, Smith & Mightyren jarduna etetean, ildo musikal guzti horiek batu ditu bere izenean grabatutako diska pare batetan.
Eta ibilbide oparo horren ostean hara non harrapatzen dion dubstep jeneroaren eztandak, justu azken 20 urteetan berak landu izan duen antzerako klabean: jamaikar dub eta roots soinuen interpretazio gaurkotua, alegia. Robek “eskularrua jaso” eta solbentzia handiko single parea argitaratu du denbora gutxian, RSD izenpean garatuko duen proiektuari hasiera emanaz. Klasiko baten berriztatze egokia, dudarik gabe.
RSD - “Pretty bright light”
Lotura iraunkorra
02.06.08
Atala(k): Sailkatugabeak 2008 Otsaila 6 @ 12:59 Egilea oleaktiff
Hainbat gorabeheraren ondorioz izandako impassearen ostean, susterrak barriro aidean jarteko garaia heldu da. Hona 07tik gustatu zaizkidan zenbait single…
The BUG feat. Warrior Queen – Poison Dart

Kakarraldoaren LP berria erortzear da, eta bitartean aurrerapen single batzuk atera ditu, berez aperitif funtziodunak baina txuletoi batek baino sustantzia gehiagorekin. Poison Dart ikaragarria 2 single berezitan argitaratu da, primerako binilo astunean prentsatuta eta gutxitan ikusten den diseinu berezi batez jantzita.
Lehen singlea da aipagarriena, bertan aurkitzen delako kantuaren bertsio orijinala, erremixek gainditzea lortu ez dutena. Dubstep, ragga eta musika tribalaren arteko oinarri honek ezin zezakeen beste ahotsik izan: azkenaldian produktore askoren ajendan dagoen Warrior Queen-en mihi zorrotz eta zikina. Brutala!!
The Bug feat. Warrior Queen - “Poison Dart”
Henry & Louis feat. Tony Tuff - “Answer”

Badira urte batzuk Henry & Louis eta Blue & Red Bristoldarrak Jamaikan egon zirela, beraien dub musikaren gainean karibear irla horretako ahots mitikoak (Willi Williams, Johnny Clarke…) eta ez hain ezagunak grabatzen. “Time will tell” diskoa iraganeko harribitxia bihurtu da jadanik (nik nire alea zelofanean gordeta daukat), baina oraindik abentura haren fruituak dastatzeko aukera dugu noizean behin kaleratzen diren edizio mugatuko singleen bitartez.
Kasu honetan LPan Tony Tuffek abesten zuen “Answer” birnahastuz single ederra osatu dute: Rob Smithek abestiaren roots ukitua gehitzen du erritmo sakonekin, DJ Pinchek birnahasketa dubstep eremura doa, Ras Strykak erritmoa biziagotzen dio orijinalari… eta diskoko “harri–bitxi-keria”, Sledgeheadek emondako trataera: The Cureren “Lullaby”ren oinarri instrumentalarekin nahasten du jamaikarraren ahotsa, emaitza eder eta sailkaezina lortuz. Bristol, beste behin…
Henry & Louis feat. Tony Tuff - “Answer” (Sledgehead remix)
Imam Baildi – Kukhin Kiotis

Aurrera egiteko iraganera itzuli beharra dagoela musika elektronikoan (“elektroniko” hitza modu zabalean ulertuta) indar handia hartzen ari den ideia da. Produktore eta talde desberdinak beraien ingurukoak diren edo gustukoak dituzten susterrak erabiltzen ari dira euren ekoizpenek gaurko panoraman zerbait berria, freskoa, aporta dezaten. Horrek askotan folklore edo herri musikaren terreno labankorretara garamatza, eta labankorrak diot, “mestizaje” famatua oinarritzat hartuta musika eskas ugari egin delako.
Baina lasai, Imam Baildi proiektuak ez dauka zerikusirik djembé, diabolo eta rumbiten buenrollismoarekin. Greziako herri musika eta hip hop amerikarraren arteko talka da jende honen proposamena. Printzipioz ezinezko batuketa dirudi, baina asuntoak zentzua du single honen hiru kantuak entzun eta gero. Jay-Z, Snoop Dogg eta Beastie Boysen acapellak 50. hamarkadako greziar sanpleekin (batez ere ahotsak eta sokazko instrumentuak) gurutzatzen dira pieza hauetan, beti base potenteetan oinarriarekin.
Imam Baildi feat. Jay-Z - “Kukhin Kiotis”
Lotura iraunkorra