04.28.08

Altxor galduak

Atala(k): Iruzkinak 2008 Apirila 28 @ 16:55 Egilea oleaktiff

various-ethiopiques-400jpg.jpe

Badira urte batzuk Ibon Errazkini egindako elkarrizketa batetan Ethiopiques bildumaren inguruko lehen aipamena irakurri nuela. Musikari donostiarrari gomendioren bat eskatzen zion kazetariak eta honek, irakurlearen kuriositate eta tolerantzia maila frogan jarri nahi izango balu moduan, Etiopiako grabazio zaharrak erreskatatzen zituen bilduma aholkatzen zuen.

Ordutik hona urte batzuk pasatu dira, hainbeste ezen bilduma hogeitik gora diskorekin osatu den, eta erremate moduan “The very best of” bildumen bilduma hau kaleratu den, aurreko diska guztiekin ausartu ez diren horiek behintzat bildumaren esentzia dastatu ahal izateko.

 ethiopiques1.jpg

Ez da erraza disko bikoitz honetan aurkitu daitekeena deskribatzea. Modu labur baten esanda, etiopiar eta mendebaldar musikaren artean kokatzen diren doinu bereziak dira hauek. Jazz eta funk instrumentaziodun bandak, amarikoz ari diren abeslariz lagunduta. Guretzako ohikoak diren tresnak milaka urteko tradizio batekin hartuemanean, ezohiko sonoritate eta groove bat lortuz. Errepresio eta diktadura garaien artean bizitako askatasun urteen fruitu artistikoa.

Laburtuz, lasai - lasai dastatu beharreko altxor musikala, Etiopia den lurralde gogor bezain erakargarri horregaz amets egiteko aitzakia perfektua.

Alèmayèhu Eshèté - Telantena Zaré

Wallias Band - Muziqawi Slit

04.22.08

Zoramena pasarelan

Atala(k): Zuzenean! 2008 Apirila 22 @ 15:43 Egilea oleaktiff

Bideoan ikusi daitekeen moduan, aurreko barikuan Bilborockeko Skunkfunk moda desfilean aritu ginenok ezin gara kexatu medioetan izandako presentziaz. “Prime Time”ko hiruzpalau minutuk sekulako balioa dute gaur egungo gizarte mediatizatu honetan, eta Harrapazank! programa antolatzen duten Topaguneko lagunak pozik egongo dira beraien lanak lortu duen oihartzunaz.

Halan da be, telebistako irudi serio eta ofizial horretara heltzeko bidea ez zan erraza izan… desfilea ordu bete beranduago hasi zan, ia arratsalde osoa argindar arazoengatik ilunpetan pasatu ostean. Halamoduzko ensaio orokor bakarra kanpoan jende mordoa ateak noiz zabalduko itxaroten zegoela egin genuen. Joseinak ilunpetan ikasi zituen bere gidoiaren pasarteak, eta nik egia esan ez nuen ekitaldi osoaren frogarik egiteko aukerarik izan, eta eszenatokian bertan hartu behar izan nuen erabaki bat baino gehiago.

Dana dala, Bilborocken sortu zen zoramenak askoz errezago bihurtu zuen gure lana. Modeloen lagun, kide eta gurasoen animoekaz aretoa labe beroa bihurtu zan, eta desfileko une askotan irribarre batez aritu ginen parte hartzaile eta antolatzaileak. Esango neuke sortzen zuten pasioaren eraginez neskamutikoek alfonbraren azkeneraino heltzeko zailtasun handiak izan zituztela… noski, publikoaren pasio horrek erlazio zuzena du ikastetxeen arteko pikearekin, pil pilean dagozan hormonekin eta orokorrean han sortutako katxondeo giro espontaneoarekin.

Musikalki, Slow Trip taldeko break dantzariekin izandako esperientzia izan zan gauzarik aipagarriena. Porru -break apur bat (”hamaika kolore” arin arinaren mashup-a), James Brown, Beastie Boys, Kanye West… elkarlana erreza eta gustagarria izan zan. Horretaz gain, epaimahaikideen bi modelo gogokoenen desenpatea (”Rock the Casbah!”) eta banakako desfilea zelan geratu ziren gustatu zitzaidan. Puntu ilunak, Joseinak hasieran jarri behar zuen diskoak ez zuela funzionatu (konturatu barik crossfadera aldatuta utzi nion, eta koitadua hor ibili zan diskoa aretoan entzuteko ahaleginak egiten) eta taldekako desfileko aukeraketa batzuk ez zirela egokienak izan (Rihannaren guardasola etxean utzi nuen!)

Azkenik, hona platoen atzetik grabatu ahal izan nuen publikoaren momentu zoroetariko bat. Kalitate eskasekoa da, baina bizitakoaren ideia bat egiteko baliogarria…

04.17.08

Harrapazank - Skunkfunk desfilea

Atala(k): Zuzenean! 2008 Apirila 17 @ 17:12 Egilea oleaktiff

joseinaskunkfunk.jpg

Ez dakit zelan lortzen dodan, baina “nigth clubbing” topikotik kanpo nabil pintxatzen gehien azken denboraldian. Hummer baten gainean Getxoko Arrigunagan eta Euskalduna zubiaren azpian, bermutaren orduan pub folkie baten, Durangoko liburu azokan… orain, kuadroa borobiltzeko, Topaguneak antolatzen duen Harrapazank programaren barruan bolo interesgarri parea daukat egiteko.

Harrapazank programak Bilboko gazteriaren artean euskeraren erabilera sustatzeko helburua du, eta Apirila eta Maiatzean zehar Bilborocken ospatuko diren lau ekitaldiz osatuta dago. Musikaz aparte formatu berritzaileak erabiltzen ahalegintzen dira urtero antolatzaileak, eta aurton Skunk Funk markaren moda desfilea eta Komeriaren Kluba sartu dituzte programan. Ba urli honi bi ekitaldiotan diskotxo batzuk jartzea egokitu jako…

Egia esan txabaleriagaz batera, aurkezleekin, denbora mugatu batekin… jarduteak errespetua emoten dau, baina bestalde apur bat denetarik pikoteatzen duen DJ batentzat aukera polita da errepertorioa, bapatekotasuna eta teknika frogatzeko. Gidoi bati jarraituz pintxatu behar da, norbere protagonismo momentuak ondo bereiztuz eta ekitaldiaren une bakoitzerako material egokiena aukeratuz. Ez dago gaueko giroa lehertuz izarrak ukitzeko esperantzarik, baina nahiago hau musikari kasurik be egiten ez dion jende berbatsuz beteriko taberna baino. Hemen musikak bere protagonismo portzentaia ziurtatuta du, eta zure belarrira “mas zapatilla joder” edo “dj muertoooo!” entzuteko arriskua txikiagoa da. Ah, eta zelan ez, areto bateko ekipoagaz jardutea benetako luxua da hortik zehr topatzen diren baldintzak zelakoak diren kontutan hartu ezkero.

Laburbilduz, bihar kuadrila xelebrea batuko gara Bilborockeko eskenatokian zazpiretatik aurrera: Joseina Etxeberria aurkezle lanetan, Slow Trip breakdancerrak (ia Break on Stage jaialdiak ez dien larregi deszentratzen) , Urko Aristi (eguraldi gizona), Nerea Alias (Okeeeer!) eta Tximistaren txatia (ohia, nire arreba Goenkalezaleek diotenaren arabera) epaile moduan, sari bila joan eta hormonaz gainezka dabiltzan gazte mordoa, eta last but not least, bafleak apur bat zigortzeaz arduratuko den zerbitzari hau. Ia ze kristo urtetzen dan!!

04.10.08

An England Story

Atala(k): Material beroa 2008 Apirila 10 @ 16:07 Egilea oleaktiff

an england story

Gaurko istorio hau kontra-kolonizazio musikalaren adibide bat da. Zelan mendeetan zehar munduko kolonizatzailerik sutsuenak izan ziren ingelesak kulturalki kolonizatuak izan diren (parte baten behintzat) beraien esklabu eta morroiak izan ziren haien ondorengoengatik.

Bueno, ezer baino lehen guzti hau Soul Jazz disketxe handiaren “An england story” bildumaren harira datorrela esan beharko da. Eraberean, bilduma hau duela denbora bat Heatwave kolektibokoek egin zuten megamix itzel baten ondotik dator, blogariddims serie handiaren barruan agertu zana, eta ordu bete inguruan azken 25 urteetako reggae, dub, dancehall, rap, breakbeat, jungle, drum’n'bass eta grime ingelesaren laburpen benetan brutala egiten zuena. Musika hau interesatzen bajatzue, otoi, bajatu nahasketa, ez dauko desperdiziorik eta.

Soul Jazzekoak altxor galduen berrargitaratzaile finak izanik, nahasketa horren potentzialidade komertziala usnatu eta megamixeko pieza aipagarrienak hautatu dituzte bilduma formatoan argitaratzeko. Publiko guztiarentzat eta konkretuki DJentzako karamelo benetan gozoa, LP laukoitzeko binilozko edizioak abesti klasiko ugari berbizten baititu gramaje astuneko edizio txukun batean.

Baina hasierakora itzuliz, zelan diren gauzak kamarada: 80. hamarkadan Britainia Handiko gizartea multietnikoa zen jada, kolonietako jende ugari bertara joana baitzen bizimodu hobe baten bila. Jende honek beraien sorterriko kultura musikala eraman zuten beraiekin, karibearren kasuan reggae, dub eta dancehall estiloak batez ere. Eta estilo horiek, AEBetik zetorren hip hop kulturak eta irletako musika elektronikoaren garapenak eraginda (beste elementu askoren artean) , bizitza propioa hartuko zuten irletan.

Guzti honen gainean idazten tona bat paper gastatu daiteke. Estilo eta azpiestilo mordoa dagoz, zuhaitz baten adarrak moduan zabalduz doazenak. Dana dala, MC elementua da amankomunean dutena. Hau da, musikaren gainean berba parrastada botatzea, baina ez amerikar raparen moduan, ingelesez  fast - chat deitzen zaion moduan baino, jamaikar toasting-arekin zerikusi handiagoa duena. Azpiko kantua aipatutako guzti horren adibiderik onena duzue.

YT - “An england story”

Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5