06.27.08

Alperkerie

Atala(k): Zuzenean! 2008 Ekaina 27 @ 16:00 Egilea oleaktiff

pc-ensor7laziness.jpg

XIX mendeko marrazki bitxi horretako pertsonaien moduan egon naz azken 20 egunetan musika asuntoari - eta batez be blogari - dagokionez, laugarren pekatu kapitalean erabat galduta. Harritzekoa, bestalde, inoiz baino post potentzial gehiago etorri jatazalako burura. Baina deabrutxoak gogoa moteldu eta erlojuaren orratzak aurrera bidaltzen oso fin ibili dira…

Agian Eibarko sesio maratonianoaren ondorioa izan da. Definitiboki, holako 20 hour party -ak ez dira gomendagarriak osasunarentzat: goizetik iluntzera herriko euskal jaiean txuflainak  joten ibili ta gero, hartu 50 kilo material eta egizu 5 orduko sesioa… klaro, goizaldeko 6etan, etxera bueltan, noizbait bolantean lo hartu izan duen jendea ulertzera heldu nintzen.

Dana dala, behar nuen holako suzko froga batetik bizirik irtetzea. Azkenaldian eukitako konpromisoetan ez dot behin be denbora luzez pintxatu, eta 5 ordutan jenero batetik bestera, tabernan dagoen jendearen animoak jarraituz disko maletari zuku guztia atara behar izatea… euki beharrezko esperientzia da dj batentzat. Izan be, antzeko kontestu baten kristolango zaplastekoa hartu nuen nire lehen dj sesioan, orain hiru urteko zapatu gau baten, Arrasateko Etxoste tabernan. Nire break, dancehall eta jungle anabasa primitibo eta lotsatia technozaleen oihu eta irainen artean (”dj muertoooo!” “no tienes techno - house??”) ito zan, eta panorama horren aurrean tabernako tipoak limosna bat eta sukaldean “tiro batzuk” (!!)hartzea proposatu zidan, platoak bakean uztearen truke. Joder, zelako estrenoa… hori bai, ekaitzik gogorrenean be esperantzak bere momentua izan ohi du: tipo pare bat kabinara agurtzera etorri ziren, jarritakoagatik zoriontzera.

Bat primeran gogoratzen dot, Felipe, eibartarra. Beste eguneko sesioan ez zan agertu edo, hobeto esanda, bat baino gehiago agertu ziren: South Rakkasen erritmora ipurdiak mugitu zituen kuadrila, Steel’an’skin-en “Afro punk reggae dub”egatik galdezka etorri zitzaidan Gurutze tabernaria, edota  The Clashen “Mustapha Dance”ekin txaloka ibili ziren mozkorrak… Eibar, toki interesantea, bai horixe…

06.06.08

Bar Bost - Reggae showcase

Atala(k): Sailkatugabeak 2008 Ekaina 6 @ 16:02 Egilea oleaktiff

Bai, irudi honek irakurketa bikoitza dauka. Judahren lehoia, reggae sesioagatik, baina baita  “lehoi” tasa altuena duen Gipuzkoar herrian dalako enkargutxoa. Zapatu honetan, Bost tabernan, Jamaikar musika saio luuuuze bat agindu didate…

5 orduko sesio baten pisua binilotan neurtu ezkero, ba kiloren bat edo beste urteten da. Hortaz, selekzioan dago gakoa, eta nire maleta jadanik sutan dago, zer eroan ta zer ez aukeratzeko dilematan. Reggae, dub, dancehall, ragga, drum’n'bass, dubstep… formula noraino luzatu daitekeen ikustea oso interesantea izango da. Hau da, jenero purutik aldentzen noan neurrian ze puntutaraino jendeak onartuko duen “reggae”a jartzen ari nazela, noz hasiko diren bekainak okertzen eta lepoak luzatzen…

Baina ez gaitezan okerrenean jarri. Publiko “selektoa” dala entzun dot. Ia aho zapore ona izteko gai nazen.

06.05.08

Portishead - The Rip

Atala(k): Iruzkinak 2008 Ekaina 5 @ 15:48 Egilea oleaktiff

Aldatuta itzuli dira, eta ez dakit horren aurrean zer pentsatu. Ez dakit apurketa disko honetara heltzeko urte guzti hauek behar izan ote dituzten, edo azken unean lortutako soluzio bat izan den beraien karikatura izaten ez bukatzeko. Izan be, gogorra izan behar da momentu batetan rollo baten aitzindaria izan eta zure atzetik moda jarraitzen duen talde eta kazetari tropel bat sortzea, eta momentu baten hauek (batez ere bigarrenak, medioak) nazkatu (hain gogaikarriak omen dira hemen eta han errepikatzen diren klixeak!!) eta zure estiloa, zure formula, bat-batean erabat demodé geratzea.

Hortaz, duela 15 urteko iturria guztiz sikatu denean, aurrera egitea besterik ez da gelditzen. Eremu ezezagunetara. Noiz edo noiz estropezu egin eta zerotik berriro hasi behar arren. Garai bateko grabazio teknika eskisitoak alboratu eta grabaketa apropos zikintzera heldu behar izan arren.

Batzuentzat emaitza larregi aldenduko da espero zutenarekiko. Beste batzuk irregularra izatea aurpegiratuko diote, posible zela zortzi urtetan zerbait borobilagoa egitea. Eta egongo da lan berria harribitxi kategorian jarriko duenik ere, medio batzutan beraien aldaketa ze ausarta izan den nabarmentzen dutela ikusi ostean, klaro.

Eta nik… nik ez dut garbi eukiko zer esan. Orain arte aipatutakoaren nahaste bat, agian. Dakidana da disko barriko abesti honek eta bere bideoak harrapatuta naukatela. Gozatu…

Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5