07.30.08

Spraikada 08: zenbait zertzelada

Atala(k): Sailkatugabeak, Zuzenean!, Iruzkinak 2008 Uztaila 30 @ 13:56 Egilea oleaktiff

Nire tradizioari fidela izanez, parte hartutako ekitaldi baten ingurukoak 10 egun beranduago idazten jarri naz. Badakizue, oporrak baino lehen eskegita dauden ahalik eta kontu gehien finikitatu beharra…

 “Jaio, graffiti, hil” errematatzen

Erandion ospatutako spraikada ‘08k irudi asko utzi dizkit buruan bueltaka. Egia esan, eta ez da dohako bonboa emotearren, graffitien kontu hau beti iruditu izan zait kuriosoa. Ilegalitatearen mugan kokatzen den kultura kaletarra, mundu osoan komuna den kode estetiko bat izan arren tokian tokiko enfokearekin landu daitekeen disziplina askea… askorentzat ganberrokeriak izan arren, graffitiok sakonki inpresionatu dezakete sentsibilitate estetiko minimoa duen pertsonea. Azken baten, aurtengo lehiaketako partaide baten lanak adierazten zuen moduan, Paleolito garaiko kobetako artearen bertsiorik modernoenaren aurrean geundeke…

 finalistak lanean

Egia esan, gozada bat izan zen lehiaketarako hautatutako finalistak lanean ikustea. Batzuk taldelanean, besteak bakarrik, 8 - 9 ordu inguru horma zurietan spraikada bitartez ideia, mezu, unibertso… propioak marrazteko ahaleginetan. Uztaileko hondartzako egun itzel batek suposatzen duen arriskurekin, bai partehartzaileen osasunari zein publikoaren presentziari dagokionez.

Konplemento moduan hor ibili ginen eguneko programa apurtxo bat betetzen zenbait jarduera eginez: graffiti, breakdance eta dj tailerrak (aurreko mezuan dj tailerreko eszenatxo bat ikusi daiteke), eta arratsaldean graffitia eta musika batzen zituen performancea TTP  bikotearen eskutik.

 TTP lanean

Konkretuki, Piruk eta Pelik antolakuntzako Amaiaren Astra zaharra goitik bera bermargotu zuten, nabarmentzeko moduko selekzio musikal batez lagunduta: hasieran reggaean oinarritutako bariante desberdinekin, aurrerago bootleg katxondo mordoa erabilita. Nabarmentzekoa zati instrumentaletan sartutako euskerazko esaldiak (Atxagaren hitzaldi sorta batetik aterata!), asuntoari halako mistikotasun eta traszendentzia bat emoten ziotenak…

Laburtuz: Erandioko kaleen pasaia eraldatu duen holako ekitaldi bat gura neuke nire herrian!!

07.18.08

Spraikada!

Atala(k): Zuzenean! 2008 Uztaila 18 @ 14:32 Egilea oleaktiff

goldexpression 

Azken urteotan gertatu izan den moduan, Topagunekoek EHko graffiti lehiaketa antolatu dute. Aurten Erandion izango da, eta programazioan beste adierazpide batzuk ere euren txokoa izango dute. Zerbitzari hau turntableen mundua, pintxatzearen ingurukoak alegia, erakusten saiatuko da. Goizean tailertxo bat espontaneo eta kuriosoek biniloa ukitu, marratu (jainkoarren, ez!), probatu… dagien; eta arrasti amaieran, Zarauzko artista batzuk egingo duten performance grafitero - musikalaren ostean, sari banaketari musika jarriko dion sesiotxo bat.

Dana dala, eguneko protagonistak spraidunak izango dira. Goizean goiz hasiko dira lanean, eta ia aurreko urteetan moduan (goiko argazkia, horren froga) lan ederrak ikusterik daukagun… ziur baietz!

07.17.08

Udako mixtapeak I

Atala(k): Material beroa 2008 Uztaila 17 @ 13:53 Egilea oleaktiff

 

Internet eta musika eskutik doazenetik, udaren aitzakiaz egindako mixtapeak oso ohikoak bihurtu dira. Uztaila heldu eta hortxe, blog, webgune, myspace etabarretan artista ezagun zein ezezagunek egindako nahasketa udatiarrak, rollo karibear edo ibizenkoa iradokituz, estiloaren arabera. Azken baten, orain urte batzuk telebistan iragartzen ziren Verano Mix, Caribe Mix eta gainontzekoen tokia hartu dute jendeak modu askean atondu eta eskuragarri jartzen dituen nahasketek. Askoz be interesgarriagoak eta dohainik ganera…  Hau aurrerapauso kultural bat ez bada, Jainkoa bajatu daitela bere begiekaz ikustera!!

Aurten momentuz ez dot gauza askorik aurkitu, baina topatutakoa behintzat nahiko beroa dela esan daiteke. Adibidez, DJ C amerikarraren sesiotxo hau. DJ/rupture eta antzekoen ildoa jarraitzen duenez, amerikar honen materiala bassy-a, dubby-a, zikina eta eskuluzea (besteen materialaz jabetzeari dagokionean) izango dela segurua da. On egin daizuela…

DJ C - “B-Low mix”

07.07.08

Uztailak 7… The Bug!!

Atala(k): Sailkatugabeak 2008 Uztaila 7 @ 15:58 Egilea oleaktiff

The Bug - London Zoo 1 The Bug - London Zoo 2

 Ba bai. Gurean zezenen inguruko aipamenak nagusi diren egun honetan, nik Kakarraldoaren ganeko aipua egingo dot. Izan be The Bugen azken lanak gaur ikusi du argia ofizialki, Ninja Tune zigilupean. Eta egunotan Iruñea lau hankatara eta adarrekin dabilen faunak hankazgora jartzen duen bezala, Kevin Martinek labezomorroz beteriko Londres apokaliptiko bat irudikatzen du bere musikarekin.

Bere aurrekaria izan zen “Pressure” mitikoaren argitalpenetik 5 urte pasatu eta gero, ragga, breakcore, dub eta abarrez osatutako koktela inoiz baino gogorrago eta dantzagarriago dator. Aurreko diskoa pieza astun eta lasaietan antzeko proportzioan zatituta bazegoen, oraingo honetan pieza bilduma osoa biziagoa, gogorragoa eta ilunagoa den sentsazioa daukat. Hori da behintzat Sarean entzun ahal izan ditudan aurrerapen - zatiek emandako lehen inpresioa, LP bikoitza lortu aurretik tximinoa kentzeko daukadan modu bakarra… Entzun!

 

The Bug feat. Tippa Irie - “Angry”

The Bug feat. Warrior Queen - “Insane”

07.01.08

20 urtez ganbaran gordeta

Atala(k): Sailkatugabeak 2008 Uztaila 1 @ 17:27 Egilea oleaktiff

Oroitzapen batzuk ganbaran ahaztutako trasto zaharrak modukoak izan ohi dira, kaxa bat zabaldu eta hor agertzen dira, hautsak janda eta gitxien espero zenituenean, zure iraganaren lekukoak.

Antzeko zerbait gertatu zait egunotan Robert Mugabe Zimbabweko presidentearen inguruan sortutako zalaparta dala eta ez dala. Asko dira politikari ilun honen kontra altxatu diren ahotsak, sonatuela Nelson Mandelaren gaitzespena izan delarik. Nelson Mandela aipatze hutsak ostera, ahaztuta neukan errekordu bat ekarri dit burura : 80 hamarkadaren amaieran, artean ume bat nintzela, ETBn ikusitako bideoklipa, Nelson Mandela bera ardatz zuena. Aurkezlearen berba batzuk gogoratzen nituen (“tipoak bizitzaren zati handi bat kartzelan pasatu ostean..”), baita bideoaren 80’s estetika, baina beste edozerren gainetik neska baltz batzuk botatzen zuten estribilloa neukan gogoan: “Freeeeee Nelson Mandelaaaaaaa”…

Zorionez ikusentzunezko arkeologiaren urrezko garaia bizi dugu Youtube modukoei esker, eta abestia lehenengo ahaleginean topatu dot. Autorea, ezagun zahar bat: Special AKA, The Specials talde mitikoa desegin ostean Jerry Dammersen proiektua izandakoa. Hori bai: ia ia beldurra emoten dau orain 20 urteko oroitzapen puntual bat (bideoa behin bakarrik ikusi nuen!) eta errealitatea zeinen antzekoak izan daitezkeen ikusteak…

Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5