09.23.08
Atala(k): Material beroa 2008 Iraila 23 @ 16:38 Egilea oleaktiff
Jadanik udagoienean sartuta egon arren, zure-tuben topaturiko bideo honen freskotasun udatiarra eskegitzera behartuta sentitu naz. Baneraman denbora bat estatu mailan benetako hype alternatiboa izan dan El Guincho-ri buruzko berba batzuk idazteko gogoz… Bere ahotsaz gain instrumentu bakar moduan Roland sanplerra eta perkusio rustiko sorta bat darabiltzan kanariar gazte honek sekulakoa egin du hilabete gutxi batzutan: bere bigarren konpaktoa, Alegranza, self - made estiloan editatzetik udako festibal garrantzitsu guztietan musturra sartu (Sónar, FIB…), Estatu Batuak eta Europan birak burutu eta Alegranza maila internazionalean berrargitaratzera heldu arte.
Musika baloratzerakoan izaten den subjetibotasuna, El Guinchoren kasuan oraindik nabarmenagoa dala esango nuke. Askok 2008ko artista izendatzen dute, baina ezin da ukatu bere lehen diskoa ez dela ahotsaren trataera, nahasketaren oreka edota konposizioen borobiltasunagatik nabarmentzen. Nire ustez freskotasun kontzeptual eta estetiko bategatik lortu du arrakasta hau, ez hainbeste bere kantuak etorkizunerako klasiko potentzialak izateagatik. Bideoan agertzen dan “Palmitos Park” izan daiteke, agian, kanturik borobilena musika aldetik (hitzak, nabarmena dan moduan, ez dira askorik ulertzen). Hortik aurrera, sanple orijinal eta erritmo lodiekaz jantzitako kantuek grazia badute, baina diskoa goitik behera entzuteko astuna egiten da… bertsio internazionala Londresen bermasterizatua izan da argitaratu aurretik. Zeozergatik izango da…
Hori bai, beste bideo honetan ikusten dan moduan, potroak euki behar dira kontzertuak holan egiteko: proposamenaren hiru elementuak - sanplea, perkusioa eta kantua - norberak bakarrik eta zuzenean manejatzen!
Lotura iraunkorra
09.12.08
Atala(k): Sailkatugabeak 2008 Iraila 12 @ 16:04 Egilea oleaktiff

Joan dan domekan Bermeoko portura lagun batzuk agurtzera joatea tokatu jakun. Koadrilako Egoi eta Rasa belauntzian munduari buelta emoteko asmoz urten jakuz, eta azken aste hauek benetan bereziak izan dira inguruko guztientzako: Andrius kapitaina Lituaniatik Bermeora heldu zaneko zalaparta, bidaiaren prestaketak, komunikabideetan izandako presentzia masiboa (Etb, Cuatro, Tele5, Deia, Gara, El Correo…), senitaterko eta lagunek belaontzira egindako bisita guztiak… eta zelan ez, agur esateko une definitiboa, aurreko domekan bizi izan genduna.
Koadrila baten erdia musikariz osotua egotea astuna izan daiteke batzutan (musikazale ez direnentzat batez ere), baina uste dot beste domekan jarritako giroak despedidearen giroa zertxobait gozotu zuela… hori bai, onartu beharra dago behin aingurea batu eta mollan gure aurretik pasatzen egon ziren momentuan, “Boga boga” jotzeak guztiok ukitu gintuela. Gure kostaldean azken mendeetan egon diren despedida ugariak apur bat ulertzera heldu ginela esango nuke…
Eta melankolia arrasto hori desagertu eta gure Elcano partikularrei haize ona opatuteko, sarean erreskataturiko bideotxo mitiko bat… ia behazuna bere tokian daroazuen behintzat!!
Lotura iraunkorra
09.02.08
Atala(k): Zuzenean! 2008 Iraila 2 @ 15:41 Egilea oleaktiff
Aste Nagusian ikusitako kontzertuetatik bat nabarmendu beharko banuke, azken zapatuan ospatutako hau izango litzateke. Beste batzuk be egon ziren (Ibon Koteron, Mykal Rose…), baina Bilbao Reggae Splashen edizio barri honek merezi du aparteko iruzkin bat. Izan be, bertoko reggae zaleontzat kristolango sentsazioa da Plaza Barriko agertokian Heptones moduko “behi sakratuak” Basque Dub Foundation ekin batera ikustea.
BDF talde mutante bat da, zeinetik partaide asko pasatu diren azken hamarkadan, baina beti pertsona berak zuzenduta: Iñaki Yarritu bilbotarra, zuzenekoetan baxua eta melodikaz arduratu baina estudioan konpositore eta ekoizle lanak be burutzen dituena. Beste egunean Bilbora ekarritako formazioan aurpegi berriak nabarmentzen ziren: kitarra jole poloniarra, azken orduan topatutako bateria, Akatz bakiotarrei fitxatutako haize sekzioa… esan bezala, talde mutante bat liderraren kontzeptuaren zerbitzura.
Kontzertua sendo batez gozatzeko aukera izan gendun. BDF-k backing band moduan duen gaitasuna eta indarra hasierako pieza instrumentaletatik nabarmendu zan. Eta horri jamaikar abeslari bikotearen inplikazioa, piezen hautaketa ona eta publiko beroa gehitu ezkero… argi dago ekuazioaren emaitzak positiboa behar duela izan.
Nabarmentzekoa Leroy Sibbles-en figura: ahotsa momenturik gozoenean euki ez arren, bere jarrera eta klaseari esker kontzertu on bat egitea lortu zuen. Holako figurei eskenatokira neskak igotzea be parkatu behar zaie… Hori bai, kontzertuaren amaiera ez zan ondo geratu. Agian larregi luzatu ziren, eta azkenerako ez zen bisak eskatzeko fuellerik geratzen publikoan. Badakigu batzutan antzerki apur bat (”do you wanna more heptones??” “yes??”) beharrezkoa dela publikoa jarrera entusiastetara bideratzeko. Baina eraberean, ez dit harritzen BDF holako topiko eszenikoetatik aldentzea.
Edozein modutara, kontzertu gogoangarri bat, bat horixe. Aste Nagusiko antolatzaileak, faborez, jarraitu Reggae Splash Plaza Barrian programatzen!!!
Lotura iraunkorra
09.01.08
Atala(k): Sailkatugabeak 2008 Iraila 1 @ 16:28 Egilea oleaktiff

Abuztuko oporretan hau eta bestea egiteko promesak zein arriskutsuak diren konturatu naz… nahiz eta denbora gehiena etxe inguruan emon, badirudi Barbados inguruan edo ibili nazela, burua ohiko jardun eta beharretatik hain urruti…
behintzat, indarrez berpizteko balio dezala!
Lotura iraunkorra