10.02.08

Rokia Traoré - “Tounka”

Atala(k): Iruzkinak 2008 Urria 2 @ 16:19 Egilea oleaktiff

Malitik mundura

Rokia Traoré - “Tounka”

Kantu batek lehen aldiz entzuterakoan holako zirrara eragitea ez da egunero gertatzen. Orohar ilunagoa eta barnerakoiagoa dan Tchamanché albuneko momentu bizi honek sakonki inpresionatu ninduen, bere indarra eta pop perfekzio horregatik batez be…

Geroago hitzak irakurri nituenean, Afrikak gaur egun bizi duen egoerarentzako balizko ereserkia agertu zitzaidan begien aurrean :

Europearrek esan ohi dute
bederatzi pertsona pobre eta aberats batek osatutako taldea
hamar pertsona txiroren baliokidea dela.
Ez al gara aberatsak Congo -Zairen?
Ez al gara aberatsak Nigerian?
Ez al gara aberatsak Malin?
Noski, gure aberastasunak gerla eta sarraskia baino ez du sortarazten,
goseteak eta gaisotasunak, baina aberatsak gara.
Esan ez exodoari.
Frantzia sufrimendu iturria da
bidean, ur gazitan, heriotza aurki daiteke
Espainia sufrimendu iturria da
bidean, ur gazitan, heriotza aurki daiteke

07.30.08

Spraikada 08: zenbait zertzelada

Atala(k): Sailkatugabeak, Zuzenean!, Iruzkinak 2008 Uztaila 30 @ 13:56 Egilea oleaktiff

Nire tradizioari fidela izanez, parte hartutako ekitaldi baten ingurukoak 10 egun beranduago idazten jarri naz. Badakizue, oporrak baino lehen eskegita dauden ahalik eta kontu gehien finikitatu beharra…

 “Jaio, graffiti, hil” errematatzen

Erandion ospatutako spraikada ‘08k irudi asko utzi dizkit buruan bueltaka. Egia esan, eta ez da dohako bonboa emotearren, graffitien kontu hau beti iruditu izan zait kuriosoa. Ilegalitatearen mugan kokatzen den kultura kaletarra, mundu osoan komuna den kode estetiko bat izan arren tokian tokiko enfokearekin landu daitekeen disziplina askea… askorentzat ganberrokeriak izan arren, graffitiok sakonki inpresionatu dezakete sentsibilitate estetiko minimoa duen pertsonea. Azken baten, aurtengo lehiaketako partaide baten lanak adierazten zuen moduan, Paleolito garaiko kobetako artearen bertsiorik modernoenaren aurrean geundeke…

 finalistak lanean

Egia esan, gozada bat izan zen lehiaketarako hautatutako finalistak lanean ikustea. Batzuk taldelanean, besteak bakarrik, 8 - 9 ordu inguru horma zurietan spraikada bitartez ideia, mezu, unibertso… propioak marrazteko ahaleginetan. Uztaileko hondartzako egun itzel batek suposatzen duen arriskurekin, bai partehartzaileen osasunari zein publikoaren presentziari dagokionez.

Konplemento moduan hor ibili ginen eguneko programa apurtxo bat betetzen zenbait jarduera eginez: graffiti, breakdance eta dj tailerrak (aurreko mezuan dj tailerreko eszenatxo bat ikusi daiteke), eta arratsaldean graffitia eta musika batzen zituen performancea TTP  bikotearen eskutik.

 TTP lanean

Konkretuki, Piruk eta Pelik antolakuntzako Amaiaren Astra zaharra goitik bera bermargotu zuten, nabarmentzeko moduko selekzio musikal batez lagunduta: hasieran reggaean oinarritutako bariante desberdinekin, aurrerago bootleg katxondo mordoa erabilita. Nabarmentzekoa zati instrumentaletan sartutako euskerazko esaldiak (Atxagaren hitzaldi sorta batetik aterata!), asuntoari halako mistikotasun eta traszendentzia bat emoten ziotenak…

Laburtuz: Erandioko kaleen pasaia eraldatu duen holako ekitaldi bat gura neuke nire herrian!!

06.05.08

Portishead - The Rip

Atala(k): Iruzkinak 2008 Ekaina 5 @ 15:48 Egilea oleaktiff

Aldatuta itzuli dira, eta ez dakit horren aurrean zer pentsatu. Ez dakit apurketa disko honetara heltzeko urte guzti hauek behar izan ote dituzten, edo azken unean lortutako soluzio bat izan den beraien karikatura izaten ez bukatzeko. Izan be, gogorra izan behar da momentu batetan rollo baten aitzindaria izan eta zure atzetik moda jarraitzen duen talde eta kazetari tropel bat sortzea, eta momentu baten hauek (batez ere bigarrenak, medioak) nazkatu (hain gogaikarriak omen dira hemen eta han errepikatzen diren klixeak!!) eta zure estiloa, zure formula, bat-batean erabat demodé geratzea.

Hortaz, duela 15 urteko iturria guztiz sikatu denean, aurrera egitea besterik ez da gelditzen. Eremu ezezagunetara. Noiz edo noiz estropezu egin eta zerotik berriro hasi behar arren. Garai bateko grabazio teknika eskisitoak alboratu eta grabaketa apropos zikintzera heldu behar izan arren.

Batzuentzat emaitza larregi aldenduko da espero zutenarekiko. Beste batzuk irregularra izatea aurpegiratuko diote, posible zela zortzi urtetan zerbait borobilagoa egitea. Eta egongo da lan berria harribitxi kategorian jarriko duenik ere, medio batzutan beraien aldaketa ze ausarta izan den nabarmentzen dutela ikusi ostean, klaro.

Eta nik… nik ez dut garbi eukiko zer esan. Orain arte aipatutakoaren nahaste bat, agian. Dakidana da disko barriko abesti honek eta bere bideoak harrapatuta naukatela. Gozatu…

05.24.08

Cut & Paste !!

Atala(k): Sailkatugabeak, Iruzkinak 2008 Maiatza 24 @ 19:40 Egilea oleaktiff

Aurreko astean Berrian dubstep disko baten kritika irakurtzeak hasieran sortutako poztasuna (rock eta irrati-formuletatik kanpo badago bizitzarik!) shock latza bihurtu da kritikaren benetako iturria kasualitatez aurkitu dudanean. Bueno, egia esan kasualitatea ere ez da, hilero Rockdelux aldizkaria erosteko ohitura baitut unibertsitate garaietatik.

Eta harrigarria egiten zait Gorka Erostarbe kritikariak hortik zehar Berria eta Rockdelux irakurri ohi dituen euskal dubstepper anonimoren bat egon zitekeela pentsatu ez izana. Ze nire begien aurrean dakusadan copypaste-a hain da lotsagabea ezen zalantzarako lekurik be ez dan gelditzen. Konparatu, ostean, jarraian datozan errekortea eta Rockdeluxetik ataratako testu txatala:

bengabeats.JPG

Los retrasos (el disco estaba anunciado para otoño de 2007) no han impedido que el debut oficial en largo de Beni Uthman se convierta en uno de los puntos álgidos del mapa dubstep en lo que llevamos de temporada. Con poco más de 20 años y curtido desde principios de esta década en puñados de sellos con pedigrí contrastado (Big Apple, Planet Mu, Southside Dubstars, Hotflush…) y punteadas colaboraciones con Skream, Hatcha y Coki, el británico es uno de los sacerdotes originales del sonido que, desde el sur de Londres, ha extendido su virus para poner banda sonora a una metrópolis empapada por el eco de Jamaica.

Como pasó en su momento con el drum’n'bass, una vez asentadas las bases del dubstep se deja infestar por invasiones externas para engullirlas dentro de sus patrones y dar variedad de ensanche a sus patrones rítmicos. Benga abre ventanas y su soundtrack se aleja de las pozas oscuras de otros practicantes más herméticos. (…) Juan Cervera , RDL 262

Guzti hau ikusita, Rockdeluxen Lisaböko Karlos Osinagak esandakoa etortzen zait burura: “ohiko prentsa, musika arloan behintzat, eta salbuespenak salbuespen, ez da ezertaz enteratzen”. Zenbat ziri, zenbat kalko sartuko ote diguten eguneroko prentsan, azken orduan presaka egin behar izaten diren artikulu guzti horietan. Eta Bengaren kasu hau horrexegatik egiten zait are deigarriagoa, ez delako justu egun horretan ez dakit non ospatzen den kontzertu baten inguruko informazio artikulua (askotan antolatzaileak eman ohi duen informazioz osatua), baizik eta kritikariak modu askean aukeratu duen diskoaren ganeko inpresio pertsonalak. Mamma mia, zelan dagoen ofizioa…

04.28.08

Altxor galduak

Atala(k): Iruzkinak 2008 Apirila 28 @ 16:55 Egilea oleaktiff

various-ethiopiques-400jpg.jpe

Badira urte batzuk Ibon Errazkini egindako elkarrizketa batetan Ethiopiques bildumaren inguruko lehen aipamena irakurri nuela. Musikari donostiarrari gomendioren bat eskatzen zion kazetariak eta honek, irakurlearen kuriositate eta tolerantzia maila frogan jarri nahi izango balu moduan, Etiopiako grabazio zaharrak erreskatatzen zituen bilduma aholkatzen zuen.

Ordutik hona urte batzuk pasatu dira, hainbeste ezen bilduma hogeitik gora diskorekin osatu den, eta erremate moduan “The very best of” bildumen bilduma hau kaleratu den, aurreko diska guztiekin ausartu ez diren horiek behintzat bildumaren esentzia dastatu ahal izateko.

 ethiopiques1.jpg

Ez da erraza disko bikoitz honetan aurkitu daitekeena deskribatzea. Modu labur baten esanda, etiopiar eta mendebaldar musikaren artean kokatzen diren doinu bereziak dira hauek. Jazz eta funk instrumentaziodun bandak, amarikoz ari diren abeslariz lagunduta. Guretzako ohikoak diren tresnak milaka urteko tradizio batekin hartuemanean, ezohiko sonoritate eta groove bat lortuz. Errepresio eta diktadura garaien artean bizitako askatasun urteen fruitu artistikoa.

Laburtuz, lasai - lasai dastatu beharreko altxor musikala, Etiopia den lurralde gogor bezain erakargarri horregaz amets egiteko aitzakia perfektua.

Alèmayèhu Eshèté - Telantena Zaré

Wallias Band - Muziqawi Slit

01.13.08

2007ko zenbait diska gomendagarri

Atala(k): Iruzkinak 2008 Urtarrila 13 @ 19:59 Egilea oleaktiff

deadbeat - journeyman’s annual

Deadbeat “Journeyman’s Annual”

Technoaren mundutik datorren tipo honek disko bitxia argitaratu du: baxuan oinarritutako erritmo sinkopatuak (dancehall? dub?) dira nagusi, baina eraberean elektronika eta ragga moduko elementuak azaltzen dira modu lausoago batean. Azaleko mapa zaharrek primeran islatzen dute eremu musikal ezberdinetatik pasatu arren batez ere egilearen barne kartografiari erantzuten dion ezohiko bidaia hau.

livin’ it up

Horace Andy + Sly & Robbie “Livin’ it up”

Jamaikar artistak inkontinente hutsak dira: urtean zehar hainbatetan sartu ohi dira estudiora, eta horregatik da hain zaila maila altua ematen duten LPak aurkitzea. Ba, aleluya, reggaeren ahots berezienetako batek disko bikaina utzi digu aurton. Sly & Robbie bikote erritmiko mitikoarekin batera, Andy jaunak hainbat klasiko, bertsio eta kanta berri grabatu ditu disko sendo honetan, non produkzioa maila gorenetara heltzen den. Horretarako elementu guztiak alde izan dituzte: kantu ederrak, musikari bikainak (Sly & Robbie bikote mitikotik hasita sesioko beste musikari guztietatik pasatuz) eta osotasun sentsazioa emoten duen ekoizpen ikaragarri bat. Reggaearen sonoritateari zuku guztia ateratzen diote “roots drum’n’bass” moduan etiketatu daitekeen diska berezi honetan.

basic replay

Basic Replay.

Noizbait sarrera bat idatzi beharko dut Rhythm & Sound bikote alemaniarraren inguruan, azken urteetan martxan jarri izan dituzten proiektu paralelo guztiez… jardun nekaezin honen adibide garbienetakoa, karibear altxor galduak berrargitaratzeko asmoz sortu zuten Basic Replay zigilua.

Orain arte kaleratutako 12”ko singleak laburbiltzen dituen CD honetan ez dago kontzesiorik: 70 eta 80. hamarkadetako dub, reggae eta dancehall pieza bereziak, apurtzaileak eta erakargarriak aldi berean. Vintage kutsuko dub digitala jamaikar ahots berezi bezain ezezagunekin lagunduta. Ahazturatik erreskataturiko grabazio hauek erakusten digute posible dela iraganaren bitartez etorkizunera salto egitea.

bidaia duo

Bidaia “Duo”
Aurreko baten laudorioren bat edo beste bota nion Duo izeneko diska horri. Eta nire ustez ez da gutxiagorako, tiro bakar batez euskal musikagintzako hainbat txori hil baitituzte: konposizio onak, irudi fresko eta erakargarri bat, fusioa abestien zerbitzura (ez fusionatze hutsagatik), halako do it yourself jarrera bat…

Horregatik poztu egin nintzen telebistaz Ukan birusaren jaiadian ikusi nituenean: stablishmentaren parte diren hauspojoleak edota Lau Teilatuak pairatzea baino askoz estimulanteagoa delako ikustea nola ahalegintzen diren Philips eta Ducau “Basamartxa” zuzenean beraiek bakarrik jotzen, aldi berean alboka, kitarra, zarrabetea eta ahotsei eraginez.

maths & english

Dizze Rascal “Maths & English”

Wiley-k nahi duena esango du, baina Dizzeek partida irabazi dio bere azken lanarekin, eta bide batez grimea lurperatu. Hego Londresko jenero mutante (rap, garage eta beste azpijenero batzuetaz elikatutako munstroa) horren momentua bukatu egin da. Londresko sentsazio underground berria (hau da, etxeko ordenagailuetan mutikoek egiten dituzten barrabasadak) dubstepa bihurtu den bitartean, Dizzeek ontzi underground zaharra abandonatu du itsaso zabalagoen bila.

Egia da mutikoa lur (oso) zapalduetatik pasatu dela oraingoan: hemen hip hop, drum’n’bass, elektronika edota rock zantzuak aurki daitezke… baina joan den Irailaren 14ean BECen ikusi eta entzun ahal izan gendun moduan, Sirens”, “Pussyole” edo “Da Feelin’” moduko pepinoen aurrean orijinaltasuna oso balore erlatiboa bihurtzen da.

burial untrue

Burial “Untrue”

Ez dakit zergatik (momentua, inguruko baldintzak, medioak, marketing kanpainak…) baina noizean behin diska on bat maisu lan bihurtzen da askorentzat. Ez nabil ni Untruek sorturiko zalaparta justifikatu gabea denik esaten. Diskoa ona da, oso ona, berarekin konektatu ezkero guztiz engantxatuta eduki zaitzaketen horietakoa… baina neure pertzepzioa kritiko eta zaletu askoren laudorio eta hasperenez kutsatuta ez ote dagoen pentsatzera iritsi izan naiz.

Hala ere, onartu behar da mutilak formula orijinala topatu duela barreneraino heldu eta inorekin ezkontzen ez den musika bat egiteko. Eta, azkenean marketing estratejia bikaina bihurtu den arren, bere jarrera publikoa artista moduan (ikus sarrera hau) guztiz apurtzailea dela exibizionismo eta Realityen garai tristeotan. Eta ez da gutxi, ez horixe…

10.22.07

M.I.A. - “Kala”

Atala(k): Iruzkinak 2007 Urria 22 @ 0:25 Egilea oleaktiff

Maya Arulprasagam

Kritikoren batek idatzi du M.I.A.ren bigarren LParen arazo nagusia ez dela diskoa bera, baizik eta 2005ean argitaratu zen “Arular” debuta. Ez zaio arrazorik falta, baina nik honakoa gehituko neuke: arazoa ez da lehen diskarekin konparatuz “Kala” txiki geratzen dala, jarraipen huts moduan, baizik eta M.I.Ak kontinuitate hori apurtu nahi izan duela kosta hala kosta, eta orain bi urte hain emaitza onak eman zituen pop formula bikain hori apur bat roskaz pasatu egin dala.

Maya Arulprasagam-ek pop abesti perfektuak (zer dira ba, “Galang” edo “Sunshowers”?) egiteko formula dominatuta zeukala zioen RDLen agertutako elkarrizketa baten. Ba, duda barik, azken lanean formulari espezia eta zapore larregi gehitu dizkio: curry txorretoiak, pikante toneladak eta Bazarretako gozoki mordoa, danak batera eragin eta “New World Music” formula apurtzaile bezain irregularra izan da emaitza.

OK, ez gaitezen hain katastrofistak izan. Diskoan M.I.Aren diskografiako bi abesti hoberenetakoak aurki ditzakegu (”Birdflu” eta “Paper planes”), eta orohar aurreko diskoaren maila mantentzen duten beste pieza batzuk: (”Boyz” eta Timbalanden kolaborazioa). “Jimmy” txotxi – disco – hinduak be bere grazia dauka, baina ulertzen dot organillo kutre horrek jende askori atzera bota araztea… hala ere, itxaron apur bat azken epaia bota baino lehen, 12″ko singleko erremixak oso itxura ona baitauko.

Hortik aurrera, desbario dezente, batez be erdiko abestietan, eta “Arular”ekin gertatzen ez zan moduan, betelana egiten duten abestiak entzuten egotearen sentsazioa. Goian aipaturiko bost abesti horiek single moduan kaleratu ezkero, LPa albo batera uzteko modukoa izango zan, baina badakigu XL zigilukoak ez direla beraien usaimen – komertzial faltagatik nabarmentzen, justu kontrakoagatik baizik. Hortaz, M.I.Ak disko honetan ataratako esku-bonbak lortu nahi izan ezkero… sakelak astintzera!

…bueno bueno, zuetariko norbait ekintza ilegal bat egiteko prest badago, sakatu azpian:

M.I.A. – Birdflu

M.I.A. – Paper Planes

06.15.07

Garai latzak

Atala(k): Sailkatugabeak, Iruzkinak 2007 Ekaina 15 @ 14:28 Egilea oleaktiff

xlcd203-lo.jpg

Azkenaldian buelta gehien emon deutsadan diskoa, dudarik gabe. Hasieran hain erraz sartu ez arren, apurka apurka engantxatzen daben horreetarikoak…

Disko bitxia da, zinez. Berez artista desberdinen singleez osaturiko bilduma da, azkenaldian jamaikar musikan egon diren zenbait “hit” eta agerpen berrien bilduma zabal bat. Sizzla beteranotik QQ 10 urteko umera, era guztietako artistak aurki ditzakegu, baina orohar ezaugarri amankomun bat bat du hemen biltzen den materialak: ragga doinu bortitzenetatik aldendu eta susterretara bueltatzen dira artistak, doinu beroagoak, positiboagoak eta, azken finean, emotiboagoak landuz. Doinu potenteentzako tokia ere badago (Turbulence, Sizzla bera…), baina orohar roots eta lovers azpietiketa jar dakioke reggae honi, hori bai, beti modu zabal batean ulertuta.

Hala ere, ez da ahaztu behar bibrazio positibo hauean atzean igartzen den hondamena, tituluak berak edo abestien letrek adierazten duen moduan betiko garai latzak bizi baitira ghettoan.  Hori bai, oraingoan kaka horretan zipriztinduta dauden “gangsta” testigantzak albo batera utzi eta guzti hori aldatu daitekeen ikuspegi positibo bat aurki daiteke diska honetan.

Gainera, CD extra bat ere badakar, Federation Sound-ek 19 abesti horiekin egindako nahasketa bat, reggae sound system-en estiloan. Hona bildumako ale pare bat:

Turbulence - “Notorious”

I Wayne - “Living in love” 

Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5