10.27.08

Girlfriend remix

Atala(k): Material beroa 2008 Urria 27 @ 17:22 Egilea oleaktiff

Jah Dan Blakkamoore

Udatik hona harrapatuta naukan kantua da hau. Sonoritate aldetik aurreko postean eskegitakoarekin antzekotasun batzuk baditu: ahots vocoderizatua, riddim sintetiko bat, hip hop mundutik datorren MC bat kantari lanetan… baina desberdintasun sakon batekin: Kanye West-en lanak mediatikotasun masiboena izango duen bitartean (onerako eta txarrerako), Dutty Artz zigilu independenteak 12″ binilozko singlean baino ez duela argitaratu (onerako zein txarrerako). Horrek zera esan nahi du, bata zopan be aurkituko dugun bitartean: bestearen eragina zirkulu konkretu batetara mugatuko dela: funtsean NYko zaleak eta nazioarteko melomano bakanak…

CD formatuan riddim berberaren gaineko beste bertsio bat argitaratu da, “Go Round Payola”, baina nire ustez “Girlfriend” izeneko bonbazo hau da erritmo horren gainean egin zitekeen karamelurik gozoena: egin froga, bajatu, entzun hiruzpalau aldiz, eta engantxatzen ez bazaitue… joan medikura zuzenean!

Matt Shadetek / Jahdan Blakkamoore: Girlfriend (remix)

10.23.08

Kanye West-en azkena

Atala(k): Material beroa 2008 Urria 23 @ 16:04 Egilea oleaktiff

kanyes-party-8.jpg

Bere albun barriaren aurkezpen jai arraroa egin omen zuen West jaunak joan dan astean. Los Angelesko arte galeria baten momentu surrealistak bizi izan zituten “808’s & Heartbreak” lehen aldiz entzutera hurbildutakoek: 40 neska biluzi eskenatokian tinko, aurrez aurre zegoen publikoak LPa goitik behera entzuten zuen bitartean.  Baltzak aurreko lerroan eta zuriak atzean, batzuk aurpegia estaltzen zuten peluka arraroak jantzita, beste batzuk lurrean etzanda… eta esan bezala, performance-aren soinu banda moduan, rapper-ik famatuenak egina izan arren batere rap-ik ez duen albuna (!!).

Ahots tonuei erretokeak emoteko izan arren dantza-pistako diba batzuek (Cher, Paulina Rubio…) Vocoder efektu moduan ezagun bihurtu duten Auto Tune programa erabili omen du grabaketan… kristolango ordagoa, bai, baina … handira edo txikira? Denborak esan beharko… Ondino masterizatu barik omen dauen Heartless-ek aldaketaren ideia bat egiteko balio dau:

Kanye West beraren blogean informazio gehiago…

09.23.08

El Guincho

Atala(k): Material beroa 2008 Iraila 23 @ 16:38 Egilea oleaktiff

Jadanik udagoienean sartuta egon arren, zure-tuben topaturiko bideo honen freskotasun udatiarra eskegitzera behartuta sentitu naz. Baneraman denbora bat estatu mailan benetako hype alternatiboa izan dan El Guincho-ri buruzko berba batzuk idazteko gogoz… Bere ahotsaz gain instrumentu bakar moduan Roland sanplerra eta perkusio rustiko sorta bat darabiltzan kanariar gazte honek sekulakoa egin du hilabete gutxi batzutan: bere bigarren konpaktoa, Alegranza, self - made estiloan editatzetik udako festibal garrantzitsu guztietan musturra sartu (Sónar, FIB…), Estatu Batuak eta Europan birak burutu eta Alegranza maila internazionalean berrargitaratzera heldu arte.

Musika baloratzerakoan izaten den subjetibotasuna, El Guinchoren kasuan oraindik nabarmenagoa dala esango nuke. Askok 2008ko artista izendatzen dute, baina ezin da ukatu bere lehen diskoa ez dela ahotsaren trataera, nahasketaren oreka edota konposizioen borobiltasunagatik nabarmentzen. Nire ustez freskotasun kontzeptual eta estetiko bategatik lortu du arrakasta hau, ez hainbeste bere kantuak etorkizunerako klasiko potentzialak izateagatik. Bideoan agertzen dan “Palmitos Park” izan daiteke, agian, kanturik borobilena musika aldetik (hitzak, nabarmena dan moduan, ez dira askorik ulertzen). Hortik aurrera, sanple orijinal eta erritmo lodiekaz jantzitako kantuek grazia badute, baina diskoa goitik behera entzuteko astuna egiten da… bertsio internazionala Londresen bermasterizatua izan da argitaratu aurretik. Zeozergatik izango da…

Hori bai, beste bideo honetan ikusten dan moduan, potroak euki behar dira kontzertuak holan egiteko: proposamenaren hiru elementuak - sanplea, perkusioa eta kantua - norberak bakarrik eta zuzenean manejatzen!

07.17.08

Udako mixtapeak I

Atala(k): Material beroa 2008 Uztaila 17 @ 13:53 Egilea oleaktiff

 

Internet eta musika eskutik doazenetik, udaren aitzakiaz egindako mixtapeak oso ohikoak bihurtu dira. Uztaila heldu eta hortxe, blog, webgune, myspace etabarretan artista ezagun zein ezezagunek egindako nahasketa udatiarrak, rollo karibear edo ibizenkoa iradokituz, estiloaren arabera. Azken baten, orain urte batzuk telebistan iragartzen ziren Verano Mix, Caribe Mix eta gainontzekoen tokia hartu dute jendeak modu askean atondu eta eskuragarri jartzen dituen nahasketek. Askoz be interesgarriagoak eta dohainik ganera…  Hau aurrerapauso kultural bat ez bada, Jainkoa bajatu daitela bere begiekaz ikustera!!

Aurten momentuz ez dot gauza askorik aurkitu, baina topatutakoa behintzat nahiko beroa dela esan daiteke. Adibidez, DJ C amerikarraren sesiotxo hau. DJ/rupture eta antzekoen ildoa jarraitzen duenez, amerikar honen materiala bassy-a, dubby-a, zikina eta eskuluzea (besteen materialaz jabetzeari dagokionean) izango dela segurua da. On egin daizuela…

DJ C - “B-Low mix”

05.07.08

No General

Atala(k): Material beroa 2008 Maiatza 7 @ 16:00 Egilea oleaktiff

dennisbrown_92.jpg

Gregory Isaacs-ek Boluetara bisitatxoa egingo deuskun aste jamaikar honetan, erretxina usaina darion erremix bat dakart esku artean. Rob Smithek, dubstep estiloko ekoizpenetan erabiltzen duen RSD izenpean, Dennis Brown handiaren Don’t want to be no General-i egindako birlanketa bat.

“Etxeko marka” daramaten Stepper estiloko erritmo eta grabeek  gantxo handiko kantua indartu eta sakontzen dute … material esklusiboa, txo!!

Dennis Brown - No General  (RSD rework)

04.10.08

An England Story

Atala(k): Material beroa 2008 Apirila 10 @ 16:07 Egilea oleaktiff

an england story

Gaurko istorio hau kontra-kolonizazio musikalaren adibide bat da. Zelan mendeetan zehar munduko kolonizatzailerik sutsuenak izan ziren ingelesak kulturalki kolonizatuak izan diren (parte baten behintzat) beraien esklabu eta morroiak izan ziren haien ondorengoengatik.

Bueno, ezer baino lehen guzti hau Soul Jazz disketxe handiaren “An england story” bildumaren harira datorrela esan beharko da. Eraberean, bilduma hau duela denbora bat Heatwave kolektibokoek egin zuten megamix itzel baten ondotik dator, blogariddims serie handiaren barruan agertu zana, eta ordu bete inguruan azken 25 urteetako reggae, dub, dancehall, rap, breakbeat, jungle, drum’n'bass eta grime ingelesaren laburpen benetan brutala egiten zuena. Musika hau interesatzen bajatzue, otoi, bajatu nahasketa, ez dauko desperdiziorik eta.

Soul Jazzekoak altxor galduen berrargitaratzaile finak izanik, nahasketa horren potentzialidade komertziala usnatu eta megamixeko pieza aipagarrienak hautatu dituzte bilduma formatoan argitaratzeko. Publiko guztiarentzat eta konkretuki DJentzako karamelo benetan gozoa, LP laukoitzeko binilozko edizioak abesti klasiko ugari berbizten baititu gramaje astuneko edizio txukun batean.

Baina hasierakora itzuliz, zelan diren gauzak kamarada: 80. hamarkadan Britainia Handiko gizartea multietnikoa zen jada, kolonietako jende ugari bertara joana baitzen bizimodu hobe baten bila. Jende honek beraien sorterriko kultura musikala eraman zuten beraiekin, karibearren kasuan reggae, dub eta dancehall estiloak batez ere. Eta estilo horiek, AEBetik zetorren hip hop kulturak eta irletako musika elektronikoaren garapenak eraginda (beste elementu askoren artean) , bizitza propioa hartuko zuten irletan.

Guzti honen gainean idazten tona bat paper gastatu daiteke. Estilo eta azpiestilo mordoa dagoz, zuhaitz baten adarrak moduan zabalduz doazenak. Dana dala, MC elementua da amankomunean dutena. Hau da, musikaren gainean berba parrastada botatzea, baina ez amerikar raparen moduan, ingelesez  fast - chat deitzen zaion moduan baino, jamaikar toasting-arekin zerikusi handiagoa duena. Azpiko kantua aipatutako guzti horren adibiderik onena duzue.

YT - “An england story”

11.16.07

Aurkikuntzen astea

Atala(k): Material beroa 2007 Azaroa 16 @ 16:45 Egilea oleaktiff

Badirudi egun batzuk bloga apur bat abandonatuta dudala, baina ez da gutxiagorako, izan be aste honetako jardun musikalak nahiko itota euki nau denbora aldetik. Eskuartera material dexente heldu zait, baina ez dut dastatzeko ia denborarik izan, iluminazio musikal baten harira egindako lanek prioritate osoa euki baitute.

Aurreko zapatuan Valentzia Komandanteak (arrabitari eta albokari fina) disko pare bat pasatu zizkidan, Jordi Savallen BSO bat eta iparraldeko Bidaia taldearen azkeneko diskoa, “Duo” izenekoa. Diskoa bera sorpresa oso atsegina izan da, eta azkenaldian folklorea lantzen duten bertoko taldeek lortu ez dutena lortu du nigan Duo-k, alegia, diskoa behin eta berriz entzuteko beharra. Lehen abesti basatiagatik (Basamartxa!) bakarrik erosketa justifikatuta dago, ahots eta soken eztanda melodiko bat erritmo bizi baten gainean. Horretaz gain, abesti interesgarri dexente ere baditu diskak, eta, oh! aurkikuntza, platoetan nahasketak egiteko modukoak. Tenpo binariodun abesti ia guztiak banpirizatu ditut break, grabe eta beat artean.

Horren harira, hortik zehar pendiente nituen mashup batzuk be egin ditut: Joseba Tapia, Benito… beste apur batzuk gehiago egin eta emaitza mugitzen hasiko naz. Lehenengo emaitzak, zelan ez, blog honetan egongo dira entzungai. Laster arte…

08.03.07

Venetian Snares & Dj Shadow

Atala(k): Material beroa 2007 Abuztua 3 @ 11:31 Egilea oleaktiff

Blogosfera musikalean aurkitutako orrialde honetan download pare interesgarria dago. Venetian Snares-ek egindako pieza ilun bat, Black Sabbathen sanpleo eta guzti, eta DJ Shadowren lehen garaietako bitxikeri bat.

Bon appetit.

dj shadow Aaron Funk

07.11.07

Boyz

Atala(k): Material beroa 2007 Uztaila 11 @ 18:35 Egilea oleaktiff

boyz.jpg
Azkenean! Hilabeteetan zehar bere aurreko materialari zuku guztia atara eta gero M.I.Aren material barria belarriratu geinke. Kala LPa Abuztuaren amaieran argitaratuko ei da, eta momentuz hau da aurrerapenaren aurrerapena: 12″ko binilozko singlea, abesti bakarrarekin: Boyz.

Bere aurreko lanean moduan, ez da erraza neska hau tokiren batean kokatzea. Perkusio etnikoak hor dagoz, baina ez da musika etnikoa. Kantatzeko modua rapetik hurbil dago, baina ez da hip hopa. Sanplerra eta programaketak erabili dituztela nabaria da, baina ezin elektronika danik esan… M.I.A.k bere estilo propioa mantentzen duen seinalerik onena, hain sailkaezin eta aldiberean hain hurbilekoa, edo disfrutagarria…

Hona bere estetika fosforito - etniko - kitsch horretan gehiago sakondu, eta mutilon “objetutasun sexuala” umorez tratatzen duen “pepinoa”… check it!

M.I.A. - Boyz

06.04.07

Erregina ta konpainia

Atala(k): Material beroa 2007 Ekaina 4 @ 12:35 Egilea oleaktiff

warrior queen

Aurrekoan eskegitako abestiaren kontrakoa da honakoa. East Londoneko lurpeko doinuak, momentu honetan “underground” kontzeptutik hurren leudekeenak. Musika hotza, astuna, gogorra, duda barik autore hauek bere inguruan arnasten dutenarekin lotuta dagoena. Dubstep jeneroa, kritikoren batek esaten zuen moduan “blogger bati baino gehiagori loa kendu dion azken gorakada”.

Bloggerrak bai, azken baten hau idazten dagoen zerbitzaria moduko melomanoentzako moda espezializatu antzekoa baita jenero hau. Hiruzpalau klub, biniloan argitaratzen diren maxietatik onena (edo salgarriena) erreskatatzen duten CD errekopilatorioak, eta klaro, jeneroaren muga estuak apurtu eta tendentzia aldizkarietaraino heltzea lortzen duten artista apur batzuk. Mutiko espabilatuak, jeneroaren harrotasuna: Kode 9, Burial, Skream!

Kasu hauek ostera, ez dira kasualitate hutsa. Jeneroaren fribolitatea apurtzeko gai dira, kasu batzuetan edozein musikazalek disfrutatzeko moduko materiala egiteraino. “Dub” aurrizkia duen estilo batentzat lojikoa dan bezala, reggaea eta dub-a oso presente dagoz abesti batzuetan, eta niretzat horreek dira duda barik emaitzarik interesgarrienak, funtsean instrumentala dan jeneroari oxigenoa emoten deutselako. Horren adibiderik onenetarikoa, Skream! gazteak (21 urte!) Warrior Queen abeslari - pertsonaje - erreginatzarrarekin garabaturiko hau… Check it!!

Skream feat. Warrior Queen - “Check it! “

« Aurreko orrialdea Project-Id-Version: wpmu-eu-0.2 Report-Msgid-Bugs-To: POT-Creation-Date: 2006-11-24 00:05+0100 PO-Revision-Date: 2007-02-02 20:03+0100 Last-Translator: Jokin Lacalle Language-Team: MIME-Version: 1.0 Content-Type: text/plain; charset=UTF-8 Content-Transfer-Encoding: 8bit X-Generator: KBabel 1.11.4 Project-Id-Version: wpmu-eu-0.2 Report-Msgid-Bugs-To: POT-Creation-Date: 2006-11-24 00:05+0100 PO-Revision-Date: 2007-02-02 20:03+0100 Last-Translator: Jokin Lacalle Language-Team: MIME-Version: 1.0 Content-Type: text/plain; charset=UTF-8 Content-Transfer-Encoding: 8bit X-Generator: KBabel 1.11.4

Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5