10.17.08

Solo los Solo Bilbon

Atala(k): Zuzenean! 2008 Urria 17 @ 16:52 Egilea oleaktiff

Egun berean bi sarrera egitea ez da ohikoa (zoritxarrez) Susterrak Aidean!en, baina aurreko albiste tristeari kontrapunto positiboa jartzeko aitzakia ezinhobea aurkitu dot… zer da ba, gaur Bilborock aretoan iberiar penintsulako rap talde onenaren zuzenekoagaz disfrutatu ahal izatea ba??

BCNko periferiatik (Rubí, Terrassa) datozen Solo los Solo 22:00tik aurrera arituko dira, ezagutzen ez dodan prezio baten truke. Izan be, kontzertua apur bat ezkutuan mantendu da (Bilborock-eko egutegi ofizialean agertu be ez da egiten), eta atzo kasualitatez gaur zala esan ez balidate, seguruenik Juan Soloren hitz joko brutalak eta Griffiren base zikin eta koipetsuak galduko nituzke…

09.02.08

The Heptones & BDF

Atala(k): Zuzenean! 2008 Iraila 2 @ 15:41 Egilea oleaktiff

Aste Nagusian ikusitako kontzertuetatik bat nabarmendu beharko banuke, azken zapatuan ospatutako hau izango litzateke. Beste batzuk be egon ziren (Ibon Koteron, Mykal Rose…), baina Bilbao Reggae Splashen edizio barri honek merezi du aparteko iruzkin bat. Izan be, bertoko reggae zaleontzat kristolango sentsazioa da Plaza Barriko agertokian Heptones moduko “behi sakratuak” Basque Dub Foundation ekin batera ikustea.

BDF talde mutante bat da, zeinetik partaide asko pasatu diren azken hamarkadan, baina beti pertsona berak zuzenduta: Iñaki Yarritu bilbotarra, zuzenekoetan baxua eta melodikaz arduratu baina estudioan konpositore eta ekoizle lanak be burutzen dituena. Beste egunean Bilbora ekarritako formazioan aurpegi berriak nabarmentzen ziren: kitarra jole poloniarra, azken orduan topatutako bateria, Akatz bakiotarrei fitxatutako haize sekzioa… esan bezala, talde mutante bat liderraren kontzeptuaren zerbitzura.

Kontzertua sendo batez gozatzeko aukera izan gendun. BDF-k backing band moduan duen gaitasuna eta indarra hasierako pieza instrumentaletatik nabarmendu zan. Eta horri jamaikar abeslari bikotearen inplikazioa, piezen hautaketa ona eta publiko beroa gehitu ezkero… argi dago ekuazioaren emaitzak positiboa behar duela izan.

Nabarmentzekoa Leroy Sibbles-en figura: ahotsa momenturik gozoenean euki ez arren, bere jarrera eta klaseari esker kontzertu on bat egitea lortu zuen. Holako figurei eskenatokira neskak igotzea be parkatu behar zaie… Hori bai, kontzertuaren amaiera ez zan ondo geratu. Agian larregi luzatu ziren, eta azkenerako ez zen bisak eskatzeko fuellerik geratzen publikoan. Badakigu batzutan antzerki apur bat (”do you wanna more heptones??” “yes??”) beharrezkoa dela publikoa jarrera entusiastetara bideratzeko. Baina eraberean, ez dit harritzen BDF holako topiko eszenikoetatik aldentzea.

Edozein modutara, kontzertu gogoangarri bat, bat horixe. Aste Nagusiko antolatzaileak, faborez, jarraitu Reggae Splash Plaza Barrian programatzen!!!

07.30.08

Spraikada 08: zenbait zertzelada

Atala(k): Sailkatugabeak, Zuzenean!, Iruzkinak 2008 Uztaila 30 @ 13:56 Egilea oleaktiff

Nire tradizioari fidela izanez, parte hartutako ekitaldi baten ingurukoak 10 egun beranduago idazten jarri naz. Badakizue, oporrak baino lehen eskegita dauden ahalik eta kontu gehien finikitatu beharra…

 “Jaio, graffiti, hil” errematatzen

Erandion ospatutako spraikada ‘08k irudi asko utzi dizkit buruan bueltaka. Egia esan, eta ez da dohako bonboa emotearren, graffitien kontu hau beti iruditu izan zait kuriosoa. Ilegalitatearen mugan kokatzen den kultura kaletarra, mundu osoan komuna den kode estetiko bat izan arren tokian tokiko enfokearekin landu daitekeen disziplina askea… askorentzat ganberrokeriak izan arren, graffitiok sakonki inpresionatu dezakete sentsibilitate estetiko minimoa duen pertsonea. Azken baten, aurtengo lehiaketako partaide baten lanak adierazten zuen moduan, Paleolito garaiko kobetako artearen bertsiorik modernoenaren aurrean geundeke…

 finalistak lanean

Egia esan, gozada bat izan zen lehiaketarako hautatutako finalistak lanean ikustea. Batzuk taldelanean, besteak bakarrik, 8 - 9 ordu inguru horma zurietan spraikada bitartez ideia, mezu, unibertso… propioak marrazteko ahaleginetan. Uztaileko hondartzako egun itzel batek suposatzen duen arriskurekin, bai partehartzaileen osasunari zein publikoaren presentziari dagokionez.

Konplemento moduan hor ibili ginen eguneko programa apurtxo bat betetzen zenbait jarduera eginez: graffiti, breakdance eta dj tailerrak (aurreko mezuan dj tailerreko eszenatxo bat ikusi daiteke), eta arratsaldean graffitia eta musika batzen zituen performancea TTP  bikotearen eskutik.

 TTP lanean

Konkretuki, Piruk eta Pelik antolakuntzako Amaiaren Astra zaharra goitik bera bermargotu zuten, nabarmentzeko moduko selekzio musikal batez lagunduta: hasieran reggaean oinarritutako bariante desberdinekin, aurrerago bootleg katxondo mordoa erabilita. Nabarmentzekoa zati instrumentaletan sartutako euskerazko esaldiak (Atxagaren hitzaldi sorta batetik aterata!), asuntoari halako mistikotasun eta traszendentzia bat emoten ziotenak…

Laburtuz: Erandioko kaleen pasaia eraldatu duen holako ekitaldi bat gura neuke nire herrian!!

07.18.08

Spraikada!

Atala(k): Zuzenean! 2008 Uztaila 18 @ 14:32 Egilea oleaktiff

goldexpression 

Azken urteotan gertatu izan den moduan, Topagunekoek EHko graffiti lehiaketa antolatu dute. Aurten Erandion izango da, eta programazioan beste adierazpide batzuk ere euren txokoa izango dute. Zerbitzari hau turntableen mundua, pintxatzearen ingurukoak alegia, erakusten saiatuko da. Goizean tailertxo bat espontaneo eta kuriosoek biniloa ukitu, marratu (jainkoarren, ez!), probatu… dagien; eta arrasti amaieran, Zarauzko artista batzuk egingo duten performance grafitero - musikalaren ostean, sari banaketari musika jarriko dion sesiotxo bat.

Dana dala, eguneko protagonistak spraidunak izango dira. Goizean goiz hasiko dira lanean, eta ia aurreko urteetan moduan (goiko argazkia, horren froga) lan ederrak ikusterik daukagun… ziur baietz!

06.27.08

Alperkerie

Atala(k): Zuzenean! 2008 Ekaina 27 @ 16:00 Egilea oleaktiff

pc-ensor7laziness.jpg

XIX mendeko marrazki bitxi horretako pertsonaien moduan egon naz azken 20 egunetan musika asuntoari - eta batez be blogari - dagokionez, laugarren pekatu kapitalean erabat galduta. Harritzekoa, bestalde, inoiz baino post potentzial gehiago etorri jatazalako burura. Baina deabrutxoak gogoa moteldu eta erlojuaren orratzak aurrera bidaltzen oso fin ibili dira…

Agian Eibarko sesio maratonianoaren ondorioa izan da. Definitiboki, holako 20 hour party -ak ez dira gomendagarriak osasunarentzat: goizetik iluntzera herriko euskal jaiean txuflainak  joten ibili ta gero, hartu 50 kilo material eta egizu 5 orduko sesioa… klaro, goizaldeko 6etan, etxera bueltan, noizbait bolantean lo hartu izan duen jendea ulertzera heldu nintzen.

Dana dala, behar nuen holako suzko froga batetik bizirik irtetzea. Azkenaldian eukitako konpromisoetan ez dot behin be denbora luzez pintxatu, eta 5 ordutan jenero batetik bestera, tabernan dagoen jendearen animoak jarraituz disko maletari zuku guztia atara behar izatea… euki beharrezko esperientzia da dj batentzat. Izan be, antzeko kontestu baten kristolango zaplastekoa hartu nuen nire lehen dj sesioan, orain hiru urteko zapatu gau baten, Arrasateko Etxoste tabernan. Nire break, dancehall eta jungle anabasa primitibo eta lotsatia technozaleen oihu eta irainen artean (”dj muertoooo!” “no tienes techno - house??”) ito zan, eta panorama horren aurrean tabernako tipoak limosna bat eta sukaldean “tiro batzuk” (!!)hartzea proposatu zidan, platoak bakean uztearen truke. Joder, zelako estrenoa… hori bai, ekaitzik gogorrenean be esperantzak bere momentua izan ohi du: tipo pare bat kabinara agurtzera etorri ziren, jarritakoagatik zoriontzera.

Bat primeran gogoratzen dot, Felipe, eibartarra. Beste eguneko sesioan ez zan agertu edo, hobeto esanda, bat baino gehiago agertu ziren: South Rakkasen erritmora ipurdiak mugitu zituen kuadrila, Steel’an’skin-en “Afro punk reggae dub”egatik galdezka etorri zitzaidan Gurutze tabernaria, edota  The Clashen “Mustapha Dance”ekin txaloka ibili ziren mozkorrak… Eibar, toki interesantea, bai horixe…

05.12.08

Beste klasiko handi bat.

Atala(k): Zuzenean! 2008 Maiatza 12 @ 16:12 Egilea oleaktiff

Pasadan eguenean derrigorrezko zita euki gendun reggae zaleok Boluetako Santan 27n. Azken hilabeteetan gure artean izan ditugun izen handiei (Horace Andy, Max Romeo, U Roy, Junior Murvin, Lee Perry…) pisuzko bisita bat gehitu zaie, seguruenik momentu honetan martxan jarraitzen duten jamaikar izarrik ezagunenetarikoa.

Izan ere Gregory Isaacs horregatik dago beste jamaikar beterano askogandik aparte: reggae publikotik kanpo be jarraitzaile ugari dituelako. Ez dakit rasta topikoetatik kanpo kokatzen dan bere itxura klasiko eta eleganteagatik (Zabala nire lagunak dinon moduan, “Compay Segundo eta Bill Cosbyn arteko nahasketa bat”), soul eta popera jotzen duen estilo garbi eta disfrutagarri horregatik, hainbeste disko eta kolaborazio grabatu izanagatik, berarekin daraman “bad bwoy” leiendagatik (kotxea zabalik eta martxan utzi ohi zuen Kingstongo klubetako ate ondoan, bazekielako inor ez zela ohostera ausartuko) edo drogekin izandako arazoek sortzen duten morboagatik izango ete dan… kontua da ehundaka lagun hurbildu ginela Boluetan zaharraren erreklamora.

Aurretik, jamaikarren jiretan ohikoak izaten diren beroketak: pertsonalitate eskaseko kantari bat (Capletonen kontzertuetan bere aurretik agertu ohi diren pepino - buru klonikoak etorri jatazan burura), eta K Queens izeneko ahizpa kañera batzuk, irristuka dancehall matxakoi erakustaldia burutu zutenak (bang! bang!). Eta fundamentu eskaseko aperitiboen ostean danok itxaroten genduna: errepertorio klasikoa, solbentzia, jarrera… beteranoaren eskutik.

Seta ez zan luzeegia izan, ordu bete pasatxo esango neuke nik, baina banda sendoa, publikoaren predisposizioa eta sonbrerutik ataratako klasiko ezberdinekaz giroa nahiko erraz berotu zan. Kontzertuaren momentu onena, duda barik, “Rumours” eta “Night Nurse” handiak jarraian bota zituenekoa. Momentua grabatu eta Youtuben eskegi duen arima karitatibo bati esker han bizitakoaren idea bat egin daikezue…

04.22.08

Zoramena pasarelan

Atala(k): Zuzenean! 2008 Apirila 22 @ 15:43 Egilea oleaktiff

Bideoan ikusi daitekeen moduan, aurreko barikuan Bilborockeko Skunkfunk moda desfilean aritu ginenok ezin gara kexatu medioetan izandako presentziaz. “Prime Time”ko hiruzpalau minutuk sekulako balioa dute gaur egungo gizarte mediatizatu honetan, eta Harrapazank! programa antolatzen duten Topaguneko lagunak pozik egongo dira beraien lanak lortu duen oihartzunaz.

Halan da be, telebistako irudi serio eta ofizial horretara heltzeko bidea ez zan erraza izan… desfilea ordu bete beranduago hasi zan, ia arratsalde osoa argindar arazoengatik ilunpetan pasatu ostean. Halamoduzko ensaio orokor bakarra kanpoan jende mordoa ateak noiz zabalduko itxaroten zegoela egin genuen. Joseinak ilunpetan ikasi zituen bere gidoiaren pasarteak, eta nik egia esan ez nuen ekitaldi osoaren frogarik egiteko aukerarik izan, eta eszenatokian bertan hartu behar izan nuen erabaki bat baino gehiago.

Dana dala, Bilborocken sortu zen zoramenak askoz errezago bihurtu zuen gure lana. Modeloen lagun, kide eta gurasoen animoekaz aretoa labe beroa bihurtu zan, eta desfileko une askotan irribarre batez aritu ginen parte hartzaile eta antolatzaileak. Esango neuke sortzen zuten pasioaren eraginez neskamutikoek alfonbraren azkeneraino heltzeko zailtasun handiak izan zituztela… noski, publikoaren pasio horrek erlazio zuzena du ikastetxeen arteko pikearekin, pil pilean dagozan hormonekin eta orokorrean han sortutako katxondeo giro espontaneoarekin.

Musikalki, Slow Trip taldeko break dantzariekin izandako esperientzia izan zan gauzarik aipagarriena. Porru -break apur bat (”hamaika kolore” arin arinaren mashup-a), James Brown, Beastie Boys, Kanye West… elkarlana erreza eta gustagarria izan zan. Horretaz gain, epaimahaikideen bi modelo gogokoenen desenpatea (”Rock the Casbah!”) eta banakako desfilea zelan geratu ziren gustatu zitzaidan. Puntu ilunak, Joseinak hasieran jarri behar zuen diskoak ez zuela funzionatu (konturatu barik crossfadera aldatuta utzi nion, eta koitadua hor ibili zan diskoa aretoan entzuteko ahaleginak egiten) eta taldekako desfileko aukeraketa batzuk ez zirela egokienak izan (Rihannaren guardasola etxean utzi nuen!)

Azkenik, hona platoen atzetik grabatu ahal izan nuen publikoaren momentu zoroetariko bat. Kalitate eskasekoa da, baina bizitakoaren ideia bat egiteko baliogarria…

04.17.08

Harrapazank - Skunkfunk desfilea

Atala(k): Zuzenean! 2008 Apirila 17 @ 17:12 Egilea oleaktiff

joseinaskunkfunk.jpg

Ez dakit zelan lortzen dodan, baina “nigth clubbing” topikotik kanpo nabil pintxatzen gehien azken denboraldian. Hummer baten gainean Getxoko Arrigunagan eta Euskalduna zubiaren azpian, bermutaren orduan pub folkie baten, Durangoko liburu azokan… orain, kuadroa borobiltzeko, Topaguneak antolatzen duen Harrapazank programaren barruan bolo interesgarri parea daukat egiteko.

Harrapazank programak Bilboko gazteriaren artean euskeraren erabilera sustatzeko helburua du, eta Apirila eta Maiatzean zehar Bilborocken ospatuko diren lau ekitaldiz osatuta dago. Musikaz aparte formatu berritzaileak erabiltzen ahalegintzen dira urtero antolatzaileak, eta aurton Skunk Funk markaren moda desfilea eta Komeriaren Kluba sartu dituzte programan. Ba urli honi bi ekitaldiotan diskotxo batzuk jartzea egokitu jako…

Egia esan txabaleriagaz batera, aurkezleekin, denbora mugatu batekin… jarduteak errespetua emoten dau, baina bestalde apur bat denetarik pikoteatzen duen DJ batentzat aukera polita da errepertorioa, bapatekotasuna eta teknika frogatzeko. Gidoi bati jarraituz pintxatu behar da, norbere protagonismo momentuak ondo bereiztuz eta ekitaldiaren une bakoitzerako material egokiena aukeratuz. Ez dago gaueko giroa lehertuz izarrak ukitzeko esperantzarik, baina nahiago hau musikari kasurik be egiten ez dion jende berbatsuz beteriko taberna baino. Hemen musikak bere protagonismo portzentaia ziurtatuta du, eta zure belarrira “mas zapatilla joder” edo “dj muertoooo!” entzuteko arriskua txikiagoa da. Ah, eta zelan ez, areto bateko ekipoagaz jardutea benetako luxua da hortik zehr topatzen diren baldintzak zelakoak diren kontutan hartu ezkero.

Laburbilduz, bihar kuadrila xelebrea batuko gara Bilborockeko eskenatokian zazpiretatik aurrera: Joseina Etxeberria aurkezle lanetan, Slow Trip breakdancerrak (ia Break on Stage jaialdiak ez dien larregi deszentratzen) , Urko Aristi (eguraldi gizona), Nerea Alias (Okeeeer!) eta Tximistaren txatia (ohia, nire arreba Goenkalezaleek diotenaren arabera) epaile moduan, sari bila joan eta hormonaz gainezka dabiltzan gazte mordoa, eta last but not least, bafleak apur bat zigortzeaz arduratuko den zerbitzari hau. Ia ze kristo urtetzen dan!!

03.13.08

Platoen samuraia

Atala(k): Zuzenean! 2008 Martxoa 13 @ 16:42 Egilea oleaktiff

Orain dala aste bete Dj Krush japoniarraren zuzenekoaz gozatzeko aukera izan gendun Bilbon. Egia esan, estiloa oso gertukoa dudan arren ez naz hip hop abstraktu eta instrumental horren zale sutsua, eta karta bakarrera jokatzea erabaki neban: DEIA egunkariaren zozketa baten parte hartu nuen SMS bitartez eta… oh, mirarie! Inoiz ez gertatutakoa: “pasatu lehen bait lehen gonbidapen parea jasotzera, Olea jauna…”

Bideoan ikusten den moduan, Dj Krushek bakarkako sesio baten bitartez defendatu zuen bere errepertorioa: kutsu melankoliko eta futuristaz apaindutako break beat zorrotzak, platoak erabiltzerakoan duen teknika bikainaz osotuta.

Hori bai, aipatzekoa da zelan funtzionatzen duten gaur egun hau bezalako turntablistek: portatil baten erabiliko duten musika guztia gordeta dago, eta platoetan binilo berezi batzuk erabiltzen dituzte denbora guztian, ordenagailuak programa baten bitartez barruan gordeta duen musika eta binilo berezi horren arteko lotura egiten duelarik. Horrela, 25 kilo binilo mugitu behar izatea sahiesten da. Gainera, gizon honen kasuan ez dakit nongo aireportuan disko - maleta galtzeko arriskua izugarria izango da (berak izango dituen maxi berezi guztiekin… ufff!), eta software hori erabilita kezkak eta pisuak ekiditzen ditu aldi berean.

Blogosferaren azken zirrikitu honetatik, Radiationekoei zorionak eta animoak beraien programazio ildo ausartari eusteko. Big up!

10.17.07

… eta BUM II

Atala(k): Zuzenean! 2007 Urria 17 @ 18:58 Egilea oleaktiff

reentryboy

hummerrean.JPG

Dana dala, BUMa ez zan gaueko kontzertuetara mugatu. El P Kafe Antzokian aperitif moduan atera ziguten asteburu pare bat lehenago, scratch tailerrak egon ziren Bibo Rocken, streetball eta graffitti ekitaldiak, eta azken bi hauek “amenizatzen” eta jaialdiaren publizitate apur bat egiten lau DJ ibili ginen, Red Bullen mixtape lehiaketan aukeratuak izan ginenok hain zuzen ere: Reentryboy, Dj T - Cut, DJ Solo-H eta Oleaktiff, hau idazten duen zerbitzaria.

Esperientzia polita, desbardina, trasto akojonante baten gainean pintxatzeko aukera (zelako potentzia audio ekipoak!!!) eta batez ere beste melomano batzuk ezagutzeko aukera. Hemendik agur bero bat Javi, Toni eta konpainiari…

« Aurreko orrialdea Project-Id-Version: wpmu-eu-0.2 Report-Msgid-Bugs-To: POT-Creation-Date: 2006-11-24 00:05+0100 PO-Revision-Date: 2007-02-02 20:03+0100 Last-Translator: Jokin Lacalle Language-Team: MIME-Version: 1.0 Content-Type: text/plain; charset=UTF-8 Content-Transfer-Encoding: 8bit X-Generator: KBabel 1.11.4 Project-Id-Version: wpmu-eu-0.2 Report-Msgid-Bugs-To: POT-Creation-Date: 2006-11-24 00:05+0100 PO-Revision-Date: 2007-02-02 20:03+0100 Last-Translator: Jokin Lacalle Language-Team: MIME-Version: 1.0 Content-Type: text/plain; charset=UTF-8 Content-Transfer-Encoding: 8bit X-Generator: KBabel 1.11.4

Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5